Mutiozabal Ontziola erosteko hitzarmena sinatu dute Udalak eta Aldundiak

Karkara 2016ko urt. 27a, 09:47

47.981 euroko diru laguntza eman dio Aldundiak Udalari ontziola erosteko

Denis Itxasok, Aldundiko Kulturako diputatuak, eta Joxe Anjel Zalduak, Orioko Alkateak, Udalak Mutiozabal ontziola erosteko hitzarmena sinatu zuten atzo, urtarrilaren 26an. Erosketa egiteko, 47.981 euroko diru-laguntza emango dio Aldundiak Udalari.

Itxasok, Gipuzkoak itsasoarekiko beti izan duen harreman estua azpimarratu zuten: forua aldunditik apustua egin dugu itsasoarekin zerikusia duen memoria, tradizioa eta kultura berreskuratzeko. Ondarea berreskuratzeaz gain, ontziolak erakargarritasun turistikoa ere badu, Itxasoren hitzetan.

Gipuzkoako hainbat herritan ekimenak egin dira itsasoarekin lotutako ondarea berreskuratzeko, Pasaiako Albaola Itsas Faktoria da horren adibide. Itxasoren ustetan, interesgarria litzake Gipuzkoarentzat, kostaldean zehar dauden horrelako zentroak batzen dituen sare bat egitea.

Zalduak esan zuen proiektua aurreko legealdian hasi zela eta, denbora bat geldirik egon ostean, Lourdes Salsamendik hartu zuela horren ardura. Talde guztien babesarekin atera da aurrera ontziolaren erosketa.

Lehen harria jarri dugu –zioen Zalduak–, erosi dugu, orain egin behar duguna berreskuratzea da. Berreskuratzeko proiektua prest du Udaleko bulego teknikoak eta bi urteren buruan amaitua egotea aurreikusten da. Baina, eraikinaren berreskuratzea ez ezik, ontziolan gune bizi bat sortu nahi dutela dio Zalduak. Espazio horretan ontziak konponduko dira, eta itsasoarekin lotutako hainbat ekintza antolatuko dira.

Lourdes Salsamendik proiektua Zumaiako talde baten laguntzaz eta haiekin elkarlanean egiten ari direla esan zuen. Berreskuratze hori nola egingo den azalduko dugu aurrerago, guztion artean, elkarrekin egin beharreko lana dela uste baitugu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!