Xaltxerak, parekidetasunaren bila, taldean

Karkara 2016ko ots. 29a, 14:04

Urte batzuetako geldialdiaren ondoren, berriz ere martxan jarri da  Xaltxerak taldea. Feministorioa antolatu dute, martxoaren 8aren inguruan, emakumearen egoeraren inguruan hausnartzeko eta kontzientzia pizteko.

Badira urte batzuk Orioko Xaltxerak taldea sortu zenetik. Emakumearen inguruko egun zehatzetan parekidetasunaren gaia ardatz hartuko zuten ekimenak antolatzeko hasi ziren eta 2008 inguruan taldea sortu zuten. Emakumeen zapalkuntzaren inguruan hausnartu eta ahalduntze prozesuan urratsak egitea zen helburua.

Geldialdi baten ondoren, lehendik aritzen zirenak, eta beste hainbat emakumek lozorroan zegoen proiektua esnatu da berriz. 2015eko azaroan hasi ziren martxan, biltzen, hausnartzen. Eta egitarau oparoa dakarte emakumeen langileen nazioarteko egunerako.

Hainbat arrazoigatik ezin izan genion Xaltxerak taldeari jarraipena eman bere garaian –dio lehendik aritutako kide batek–, baina orain indarberrituta eta gogotsu gatoz. Hausnartu, aldaketa txiki-handiak planteatu edo, gutxienez, norberak bere egunerokoan betaurreko moreak jantzi eta injustiziak ikustea dute xede. Baita jarduerak planteatu eta herrian kontzientzia piztea ere.

Emakume talde bat Orion

Orio herri oso tradizionala dela diote, eta hori genero rolekin eta gizonezkoek dituzten pribilegioekin erabat lotua dagoela. Matxismoa ez dira soilik tratu txarrak eta erailketak, guztioi eragiten digun zerbait da eta, horregatik, feminismoa oso beharrezkoa da jendarte justu, osasuntsu eta zoriontsuago bat sortzeko.

Ez Orion bakarrik, herri guztietan egon behar luke talde feministaren batek, Xaltxeren ustetan. Gizarte patriarkala da gurea, gizonezkoei berez aitortzen zaizkie pribilegioak, eta emakumezkoak beti gutxietsiak gara. Lan handia dago egiteko oraindik, matxismo gutxiago dagoela dirudien arren, hor jarraitzen du, formaz aldatu besterik ez da egiten. Emakumeek egunero jasaten dituzten mikromatxismoak jartzen dituzte adibide. Krisia ere aipatzen dute, izan ere, emakumeak izan dira krisiak gehien kaltetu dituenak.

Feministorioa, emakumea erdigunea

Martxoaren 8a emakumeen nazioarteko eguna da, eta egun hori aukeratu dute Xaltxerek ibilbide berriko lehen ekitaldiak antolatzeko eta Feministorioa sortu dute.

Feminismo hitza sarri erradikaltasunarekin lotzen da, gizonezkoekiko gorrotoarekin, eta askori atzera botatzen dien hitza da. Horri buelta eman eta lerroburuan jarri nahi izan dute hitza Xaltxerek: horregatik jarri diogu Feministorio izena, hitza bera ere aldarrikatu nahi dugulako.

Astelehenetik ostiralera egongo dira martxan Xaltxerak aste horretan. Orioko saregileekin tertulia egingo dute, hasteko, martxoaren 7an. Kultur Etxean elkartuko dira eta lanbideaz, itsasoarekin duten harremanaz, emakume izateaz... arituko dira. Oriorekin lortura zuzena zuen istorio bat egin nahi zuten, eta saregileak herriko emakumezko figura historikoak direla iritzi zuten. Beren bizipenak, istorioak eta zailtasunak ezagutu nahi ditugu –diote–, itsasoarekin lotutako lanbideak berez gogorrak badira, are gehiago emakume izanda.

Martxoaren 8rako emakumeen afaria antolatu dute, Balea elkartean. Jatorri, adin eta pentsamolde desberdinetako emakumeak bildu eta elkarren konpainiaz gozatzeko momentua izango da, gu bakarrik egoteko momentua. Izen-ematea Kolon Txikin egin daiteke, martxoaren 4a baino lehen. Afaria debalde izango da –azpimarratu dute Xaltxerek–, herriko emakumeak animatzea nahi dugu. Afaria baino lehenago, 19:00etan, kontzentrazioa izango da plazan.

Martxoaren 10ean zine foruma egingo dute Kultur Etxeko areto nagusian. Angeles de hierro filma emango dute, Katja von Garnierrek 2004an zuzendutakoa. Estatu Batuetako emakume sufragisten borroka kontatzen du filmak.
Feministorioarekin bukatzeko, pintxo pote feminista egingo dute ostiralean, martxoaren 11n. Kolon Txikin elkartuko dira 19:00etan eta, handik, herrian zehar ibiliko dira bertsolari eta trikitilariekin.

Talde irekia

Parte hartu nahi duen edozein emakumeri dago irekia Xaltxerak taldea, guztiak ongietorriak izango direla azpimarratzen dute. Norbaitek berekin biltzen hasi nahi badu taldekideren batekin kontaktuan jarri edo antolatzen dituzten ekitaldietara joan besterik ez du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!