Txakurra eta kirolaria, elkarrekin korrika

Karkara 2016ko api. 11a, 07:00

30 lagunek eman zuten izena Orioko txakur krosean. 27 iritsi ziren helmugara. Horien artean Jon Gonzalez Garcia izan zen azkarrena. 8 kilometro egiteko 38 minutu eta 44 segundo behar izan zituen.

Eguzkitsu zegoen igande goizean giroa. Haizea gogotik egiten zuen, horrek eta larunbateko euriak utzitako lokatzak, zaildu egin zuen lasterketa. 8 kilometroko ibilbidea egin behar zuten korrikalariek, hondartza paretik hasita. Helmugara iristen lehendabizikoa Jon Gonzalez Garcia lazkaotarra izan zen. Atzetik, Eneko Garmendia Fernandez eta Ekaitz Erauskin Landa helmugaratu ziren. Elkarrekin bukatu zuten lasterketa kronometroa 40:08 geldituta.

Emakumezkoetan Aida Maria Males Arango izan zen azkarrena. 50 minutu eta 16 segundo behar izan zituen ibilbidea egiteko. Mireia Berenger Valero izan zen bigarren sailkatua, 52:04 denborarekin. Hirugarren sailkatua Itsaso Erauskin Landa izan zen 54:00 denborarekin. 

Junior mailan azkarrena David Urbizu Jimenez izan zen, 52:36 denborarekin. Beteranoetan Adriano Milan izan zen lehen sailkatua 49:39 denborarekin. Beterano master kategorian Iñigo Etxaniz Zialtzeta izan zen irabazlea 48:15 denborarekin. Emakumezkoetan, Edurne Martinez de Lizarrondo Egozkuezabal izan zen azkarrena 1:02:59 denboran eginda 8 kilometroak. Taldekako sailkapenean Euskalnikross taldea izan zen lehen sailkatua, 06:1:17 denbora egin baitzuten partaide guztien emaitzak batuta. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!