Ezin irabazi

Karkara 2016ko api. 27a, 09:32

21 eta 16 galdu zuten oriotarrek Urnietaren kontra. Eskubaloi taldeak Gipuzkoako azken fasean oso maila ona eman du, nahiz eta ez duten lortu partidurik irabaztea.

Pasa den larunbatean Urnietan jokatu zuten partidua Orioko eskubaloi taldeko neskek. Sailkapenean gure aurretik bi puntura zegoen taldea zen Urnieta. Orion bi punturengatik irabazi zuten urnietarrek, hortaz, oriotarren helburua irabaztea zen, posible zela ikusten baitzuten. Azken asteetako lanaren fruitua jaso nahi genuen, aitortu du Garikoitz Garagarzak.

Partida ona jokatu zuen taldeak. Erasoan lanak zaildu zizkieten urnietarrek, defentsan gogor aritu ziren etxekoak. Oriotarrek, dena den, urnietarren zuloak aprobetxatzen jakin zuten eta atsedenaldira 9-8 emaitzarekin iritsi ziren. Guk ere defentsa ona egin genuen, azaldu du Garagarzak.

Bigarren zatia oso berdindua izan zen. Estu-estua izan zen. Baina urnietarrek azken minutuetan aurrea hartzea lortu zuten. Guk ez genuen lortu aurretik jartzea. Eta, azken minutuetan, erasoan arazoak izan genituen. 10 minutu pasa genituen golik sartu gabe. Orduan, urnietarrek aurrea hartzea lortu zuten. Bost goleko abantaila lortu zuten eta partidua irabaztea lortu zuten, 21-16.

Garagarzak taldearen esfortzua azpimarratu nahi izan du. Aipatzekoa taldeak egindako esfortzua partida osoan zehar, defentsa gogor baten aurka behin eta berriro saiatuz. Taldearen jarrera ere goraipatu nahi izan du: azken partidak zailak izan dira eta porrotak jaso ditugu, baina entrenatzaileok oso harro gaude taldeak urte guztian zehar egindako lanarekin. Gipuzkoako azken fasean, oro har, zaharragoen kontra jokatu dute oriotarrek. Eta, partidak irabazteko aukera izan ez duten arren, oso maila ona erakutsi dute. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!