Bala galdu bat Tokion

IƱaki Gurrutxaga 2016ko mai. 2a, 08:00

Konturatzerako, Bi Bala aireportuko arkutik arazo handiegirik gabe pasa eta han geunden, Hanedako aireportuan, maletak eta musika-tresnak eskuan

Zeinek esan behar ote zigun guri, 2013ko urtarrilean Kursaalera lotsak etxean utzita azaldu ginenoi,  urte batzuk pasata munduaren beste aldean eta gure bertsoak motxilan hartuta bukatu behar genuenik? Ba bai. Non eta Tokion. Harrapazank.
Lehengo udaran egin genuen lehen apustua, gure bertso-musikatuak hitzez defendatu ezin genituen lekuetara salto eginda. Alemaniara joan ginen, Berlinen eta Munichen kontzertu pare bat ematera. Tranpa txikia eginda, dena esaten hasita, bertako euskal-etxeetan atea jota joan baikinen.

Alemanian bai, baina entzule euskaldun dezente. Gero Pelotari kaleko mezkitakoei begiratuko diegu, baina ederrak gara ba gu kanpora joandakoan gure santuario txikiak osatzerako garaian.

Baina moldatuko ote ginateke tranparik gabe? Horixe pentsatuz itzuli ginen handik. Sintonia berean aritzeko, gure bertsolari-senak galga handia jarri digu, orain arte. Ez baikara gu komunikazio ez-berbalari oso emanak. Pello eta Nikolasa bezalakoak garela, alegia: gehienean kietoparau.

Ez zen denbora asko pasa ordea, kasualitate asko elkarrekin korapilatuta, Japoniara joateko aukera sortu zitzaigunerako. Konturatzerako, Bi Bala aireportuko arkutik arazo handiegirik gabe pasa eta han geunden, Hanedako aireportuan, maletak eta musika-tresnak eskuan.

Astebete pasatxo egin dugu Tokio inguruan. Kawasaki hiriko Shukugawara auzoan oinarrizko kanpamentua jarrita, Tokioko hainbat areto eta tabernatan jo dugu. Japoniarren aurrean.

Jende kuriosoa japoniarrak. Errespetuaren kultura hezurretaraino sartua dutenak: isiltasuna, garbitasuna, ondokoari enbarazurik ez egitea. Tira, hori, edan tantokin poztuta jartzen diren arte: kontzertu bukaeraro etorri zaigu bertakoren bat, muturra berotuta, zein marabillosoak garen esatera, behin eta berriz. Traturako zailtasunak dituzte egunerokoan, eta itxaferoa botatzen dutenean, biba sanfermin! Gainontzean jende abegikorra, prestua eta jatorra. Gu bezalakoak, txar guztia kenduta, oso onak.

Bizipen ahaztezinez errekamara ondo kargatuta itzuli gara Euskal Herrira. Sintonia berean hitz egiteko, hizkuntza ez dela traba ikasi dugu, behintzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!