Arrauna: 2016-2017

Podium bakarra lau estropadetan

Karkara 2016ko uzt. 4a, 08:17

Larunbatean hirugarren eta laugarren egin zuten oriotarrek. Igandean, berriz, bi ontziek zazpigarren egin zuten. 

Asteburuan, bi egunetan izan dira estropadak, larunbatean eta igandean. Larunbatean, neskek, Bilboko bandera zuten jokoan eta TKE ligako mutilek Astillerokoa. Emakumeek hirugarren egin zuten, San Juan eta Hibaikaren atzetik.

Ziabogara parean iritsi ziren ontziak, bi segundoko aldearekin besterik ez. San Juan lehendabizi, 5:17 denboran; Hibaika gero, 5:18n geldituta kronometroa; eta, hirugarren Orio, 5:19 denboran sartuta ziabogara. Bigarren eta azken luzeari ekiten 5:25 segundotan hasi ziren oriotarrak eta hor galdu zuten amaierara arte iraungo zien denbora, zortzi segundo ingurukoa. Ezin izan zuten aldea txikitu eta estropada 8 segundoko tartearekin bukatu zuten. Oriok 10:35:02 denbora egin zuen. 

Astilleron izan zuten estropada TKE ligako mutilek. Oriok lehen txandan egin zuen arraun eta 19:29:02 denbora markatu zuen, ordura arteko azkarrena izan zen. Gerora hiru ontzik hartu zieten aurrea oriotarrei, Hondarribiak, Urdaibaik eta Kaikuk. 19:12:68 denboran egin zuen ibilbidea  Hondarribiak eta 16:34 segundo gehiago behar izan zituen Oriok. 

Igandean emaitza kaskarragoak

Igandean beste bi estropada jokatu ziren. Bata Zierbenan, KAE1 ligakoa; eta, bestea, Santurtzin, TKE 1 ligakoa. Bietan zazpigarren egin zuten oriotarrek. 
 
Zierbenan Petronor bandera zegoen jokoan igandean. 20:08:60 denborarekin eta bere txandan laugarren eginda, zazpigarren postuan sailkatu ziren oriotarrak. San Juanek irabazi zuen estropada 19:52:20 denborarekin. Atzetik Urdaibai, Kaiku eta Hondarribia sailkatu ziren.
 
Santurtzin 20:43:79 denborarekin zazpigarren sailkatu ziren oriotarrak. Donostiarra izan zen garailea 20:13:86 denborarekin. Sailkapen orokorrean Ondarroak ditu puntu gehien. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!