Arrauna: 2016-2017

Orio faboritoen artean

Karkara 2016ko uzt. 8a, 10:04

Euskotren Ligarako sailkapen estropada izango da larunbatean, 18:30ean. San Juanek dagoeneko badu txartela, iazko irabazlea izateagatik; beste hiru taldek lortuko dute sailkatzea. Orio hautagaien artean dago, faboritoen artean.

Euskotren Ligara nor sailkatu den larunbatean erabakiko da, Orion. Etxean jokatuko dute estropada oriotarrek, errioan, horrek dakarren berotasunarekin eta gertutasunarekin. Etxekoen babesa zubi azpitik pasatzean berezia izaten dela azpimarratzen digute beti arraunlariek; eta, asteburu honetan, babes hori bereziki eskertuko dute, zita handia baita larunbatekoa oriotarrentzat.

Santi Zabaleta entrenatzaileak azaldu duenez, garrantzitsua da oso estropada, Euskotren Ligarako txartela baitago jokoan. Gauzak ondo bidean, oriotarrak Euskotren Ligan egotea espero da. Orain arteko emaitzak ikusita, aurreko urteetan baino errazagoa dirudi sailkapenak. Kanpotik horrela ikusten den arren, barrutik egoera bestelakoa da. 

Hankak lurrean edukitzearen garrantzia azpimarratu du Zabaletak. Edozer gerta daiteke. Lana ondo eginez gero, txukun, hor izango gara ziurrenik. Baina estropadetan edozer gertatu daiteke, ezbeharren bat adibidez. Horrelako gertakariak guztia hankaz gora jarri dezakenez, kontzentrazioari eustea ezinbestekoa dela azaldu du entrenatzaileak.

Seriotasunez hartuko dute estropada. Gogor egin dute lan horretarako eta orain arte hiru onenen artean egon arren, asteburuan ere onenen zakuan egon behar dutela argitu du. Eta, horretarako ere gogor saiatuko direla aurreratu du.

San Juan dagoeneko sailkatu da Euskotren Ligarako, iaz irabazlea izan zelako. Zazpi ontzi daude hiru postutarako. Zabaletak Hibaika eta San Juan koska bat gorako ikusten ditu oraindik ere. Tartea nabari du. Baina berak hobetu dezaketela uste du, koska hori igo dezaketela pentsatzen du, eta horretan dabiltza buru-belarri.

Dena den, lehen jomuga Euskotren Ligara sailkatzea da. Hori da epe-motzean lortu beharreko lehen helburua Larunbat honetan, 18:30ean, Orion.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!