Arrauna: 2016-2017

Bi zilar Gipuzkoako Txapelketan

Karkara 2016ko uzt. 7a, 07:58

Atzo arratsaldean, asteazkenarekin, jokatu zen Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Orioko bi ontziek bigarren egin zuten eta zllarrarekin egin zuten Zumaiatik etxerako bidea.

Ohi bezala, emakumeak izan ziren arraun egiten lehenak. Santi Zabaletaren esanetara eta Nadeth Agirreren gidaritzapean zeuden arraunlariak bigarren txandan ekin zioten estropadari, Hibaika, San Juan eta Getaria-Zarautz taldeekin batera.

Lehen ziaboga hartzerakoan sei segundoko aldea zuten Hibaikako neskek. Baina ziabogatik estropada buruarengandik segundu bakarrera atera ziren. Ziabogan gauzak estutu ziren. 5:47ko denbora markatu zuten errenteriarrek eta 5:48koa oriotarrek. 

Bigarren luzean berriz ere aldea handitu zuten errenteriarrek. Helmuga zeharkatzean 11:06:85 denboran gelditu zuten kronometroa. Oriotarrek zazpi segundo gehiago behar izan zituzten. Bigarren helmugaratu ziren, 11:13:90 denborarekin. Batelerak izan ziren hirugarrenak 11:25:22 denborarekin.

Hibaika 11:06:85
Orio 11:13:90
San Juan 11:25:22
Getaria-Zarautz 12:07:21
Donostiarra 12:09:36
Hernani 12:19:24
Hondarribia 12:54:23

Gizonezkoak ere bigarren

Mutilak hiru txandatan banatu ziren eta oriotarrek hirugarrenean egin zuten arraun, Hondarribia, San Juan eta San Pedrorekin batera. Hondarribia izan zen txanda horretan eta estropada guztian azkarrena. 20:24:59 denbora egin zuten hondarribitarrek. Orio lau segundora helmugaratu zen, 20:28:68 denborarekin.

Guztira hiru ziaboga hartu zituzten eta, ziaboga batetik bestera, aldea handitzen joan zen Hondarribiko ontzia. Dena den, azken luzean tartea txikitu zuten oriotarrek eta bukaeran lau segundoko aldea lortu zuten etxeko mutilek.

Hondarribia 20:24:59
Orio 20:28:68
San Juan 20:38:75
Getaria 21:11:47
San Pedro 21:17:98
Donostiarra 21:20:60
Zumaia 21:39:68
Oiartzun 21:40:98
Zarautz 22:05:90
Hibaika 22:58:79

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!