Arrauna: 2016-2017

Ohorezko txandaren atarian

Karkara 2016ko uzt. 18a, 07:31

Larunbatean Bilbon izan zen estropada eta igandean Getxon; bosgarren eta zazpigarren egin zuten oriotarrek, hurrenez hurren.

Beste behin Hondarribia izan da San Miguel Ligan jaun eta jabe asteburuko bi estropadetan. Larunbatean, Bilbon, ligako bosgarren garaipena lortu zuten. Kaiku izan da bigarren helmugaratu den taldea, zortzi segundora. Hamahirura sailkatu da Urdaibai.

Orio ez zen ohorezko txandan lehiatu. Bigarren txandan aritu zen, Astillerorekin nor baino nor. Lehia estua izan zen, bizia, baina azkenean kantabriarrak gailendu ziren 19:42:94 denborarekin. Laugarren postua lortzeko denbora egin dute Astillerokoek. Orio bosgarren izan da.

Endika Alberdik estropada nahiko ongi joan zela esan zuen. Estropada eremua gogorra dela, baina arraunean gero eta hobeto aritzen direla esan du. Luze egin zaiela esan du eta hori amaieran nabaritu egin dutela. Igandean ohorezko txandan sartzeko denbora egiten ahaleginduko direla esan du Alberdik, lau onenak izaten saiatuko direla.

Ohorezko txanda urrutiago

Igandean ez zen Alberdiren eta gainontzeko arraunlarien nahia bete. Orio ez zen lau onenen artean egon. Berriz ere Ama Guadalupekoek irabazi zuten estropada,  19:40:28 denborarekin. Bigarren, bederatzi segundura, Udaibai sailkatu zen.

Bigarren txandan estropada burua izan da hasieratik Tiran eta Oriok ezin izan dio aurrea hartu. Galiziarrak hirugarren sailkatu dira eta Orio zazpigarren.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!