Arrauna: 2016-2017

Lehen jomuga lortuta, helburu potoloagoen bila

Karkara 2016ko ira. 2a, 09:09

Atzo, ostegunarekin, Kontxarako sailkapen estropadak jokatu ziren. Orioko bi ontziak sailkatu ziren Kontxako Estropadak jokatzeko.

Oporren osteko lehen lan eguna zen askorentzat atzokoa, irailaren 1a. Donostian, ordea, jai giroa zen presente eta arrauna jaiaren protagonista. Sekula baino talde gehiagok hartu zuten moila, 24 traineruk gizonezkoetan eta 10 taldek emakumezkoetan eta Kontxan egoteko aukera ere inoiz baino talde gehiagok izan zuten atzokoan, emakumezkoetan langa 4tik 8ra pasa baita. 

Orioko bi ontziek lortu zuten galbahea pasatzea eta Kontxako Estropadan lehiatzeko txartela lortzea. Emakumeak izan ziren arraun egiten lehendabizikoak. Hibaika izan zen azkarrena, San Juan sailkatu zen atzetik eta oriotarrak hirugarren. Euskotren ligako emaitzei eutsi zieten atzokoan ere, baina, datorren igandean, hirugarren postu horretatik ihes egin eta koska bat gora egiteko gogotsu azaldu dira arraunlariak.

Emakumezkoen sailkapena

Hibaika 11:22
San Juan +2
Orio +13
Cabo +16
Getaria-Zarautz +25
Hernani +37
Deustu +43

Gizonezkoak San Miguel Ligako azken jardunaldietan lortutako mailari heldu zieten atzokoa. Bigarren postuan sailkatu ziren, Hondarribiaren atzetik. Oriotarrak gustura aritu ziren arraunean, eroso, eta hauek ere datorren igandean dena ematera joango direla aurreratu dute.

Gizonezkoen sailkapena

Hondarribia 19:54
Orio +10
Urdaibai +11
San Juan +15
Zierbena +20
Kaiku +24
Tiran +25

 

#aupaorio hastagarekin zuzeneko kontakizuna

Sare sozialen bidez atzo gertatutakoaren zuzeneko kontakizuna egin genuen. Emaitzen eta giroaren berri eman genuen. Zuek ere kontakizunaren parte izan dezakezue txiokatzean hastag hori erabiliz gero.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!