Manu Narvaez KTEko zuzendariari

Mirari Arruabarrena, 2002, alkatea 2016ko ira. 6a, 07:27

Lagun hori,

Agirre Franco jaunak orain dela gutxi argitaratu du Donostiako Estropadak (1879-2001) liburua eta, geroztik, oriotar asko etorri zait bere kezka eta haserrea azaltzera hor agertzen diren hainbat datu direla eta. Horrek bultzatu nau zuregana jotzera Orioko Udalaren izenean.

Ikerketa lan hori garrantzitsua da guretzat eta pozik hartu dugu, datu eta irudi berri eta baliotsuak argitara ekarri dituelako. Arraunaren historia aberastera dator, zalantzarik gabe, eta, beraz, arrauna maite dugunok eskerrak eman behar dizkiogu Agirre Francori egin duen ahalegin eta ekarriagatik.

Kontxako estropaden historiaren bertsio berria proposatzen du liburuak eta bertsio berri horrek aldaketa dezente dakartza orain arteko historia ofizialarekiko; esate baterako, Agirre Francok egin duen ikerlanaren arabera, jokatutako Kontxako estropadak ez dira 99 izan, baizik eta 106.

Zuzena iruditzen zaigu hori. Jokatutako estropada batzuk orain arte kontatu ez badira, ondo dago egindako okerra zuzentzea.

Agirre Francok ateratzen duen beste ondorioetako batekin, ordea, ez gatoz inola ere bat, eta, gutun honen bidez, gure desadostasun osoa adierazi nahi dizut, dauzkagun arrazoiak ere agertuz.

Agirre Franco jaunak dioenez, 1939ko Kontxako estropada desberdina izan zen hainbat aldetatik begiratuta: apirilean jokatu zen, bi miliako luzera izan zuen eta arraunlari beteranoek parte hartu zuten. Agirre Francok ondorioztatzen duenez, estropada hori ezin daiteke hartu Kontxako estropadatzat.

Kontua da, eta Agirre Franco jaunak ederki daki hori, Kontxako estropadek askotan izan dituztela horrelako, eta bestelako, aldaketak –normala ere bada hori horrenbeste urtetako historian–; horregatik, ordea, inork ez du estropada horien balioa zalantzan jartzen. Adibide batzuk ekarriko ditut hona, Agirre Francoren liburutik bertatik hartuak: 

  • 1889an irailaren 23an jokatu zen Kontxako estropada, arratsaldeko hiruretan, Erreginaren santu eguna zelako eta hari egun horretan hobeto zetorkiolako. Korrika eta presaka antolatu zuten, eta ez zuten arautegirik ere inprimatu.
  • 1984an estropada badia barruan jokatu zen. Irabazleak 14 minutu eta 38 segundoko denbora egin zuen. Gainera, barruko balizatik arraun egiten zuenak ibilbide motzagoa egin zuen.
  • 1900ean Getariako tripulazioa bakarrik agertu zen estropada jokatzerako, Pasaiako bi ontziek protesta egin zutelako sariak zirela eta. Estropadarik ez zen jokatu, baina bandera Getariara joan zen. 
  • 1903an, estropada jokatzeko orduan, Getariako tripulazioa bakarrik zegoen prest. Azken orduan eta nolabait ere, Donostiako koadrila bat osatu zuten moilan bertan eta estropada 55 minutuko atzerapenarekin hasi zen. 
  • 1906an, Euskal Jaiak zirela eta, uztailaren 13an jokatu ziren estropadak, arratsaldeko lauretan, beste hainbat ikuskizunen artean.
  • Hainbat urtetan, Agirre Francok dioenez, Kontxako estropada jokatu egin zen, nahiz eta berak irabazlearen izena baizik ez duen ematen, denborarik-eta jaso gabe.

Goiko horiek adibide batzuk baizik ez dira, eta garbi erakusten dute Kontxako estropadetan ez direla beti errespetatu ohiko datak, ibilbideak eta parte hartzaile kopuruak.

Estropada horien irabazleek, hala ere, ondo irabazita dauzkate gure txaloak eta miresmena.

Hori guztia esan eta gero, jakin nahi nuke zergatik dioen Agirre Franco jaunak 1939ko estropada ez dela aintzakotzat hartu behar Kontxako estropaden historian. Urte hartako estropada Oriok irabazi zuen getariarren eta donostiarren kontra. Nire buruari galdetzen diot, beste oriotar askok bezala, ea horrek ez ote duen zerikusirik izango Agirre Francoren interpretazio partikular horrekin.

Bukatzeko, berriro esango dut ondo iruditzen zaigula, Agirre Franco jaunaren ikerlanean oinarrituta, jokatutako Kontxako estropaden kopurua handitzea, irizpide zabala aplikatuz. Poztu ere egiten gara hainbat herrirentzat horrek dakarren ezusteko atseginagatik. Baina ezin dugu onartu Agirren Franco jaunak, irizpide oker, pertsonal eta subjektiboak erabiliz, Orioko herriari bandera bat kentzea, bandera hori lehia zuzenean irabazi baitzuten gure arraunlariek.

Espero dut Kontxako estropaden historiari ofizialtasuna emateko ardura dutenek ez dutela aintzakotzat hartuko Agirre Franco jaunak 1939ko estropadari buruz egin duen interpretazio partzial hori. Seguru nago hala izango dela eta eskerrak eman nahi dizkizut, aldez aurretik, horrela gerta dadin egingo duzun ahaleginagatik.

 

Orio, 2002ko uztailaren 30a.
Mirari Arruabarrena Elizalde
Orioko alkatea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!