Arrauna: 2016-2017

Maialen Aizpuru: "Aurten hiru gaude banderaren aldeko lehian"

Karkara 2016ko ira. 7a, 08:02

Getaria da Maialen Aizpururen –1993– bizilekua; baina, Orion etxean bezala sentitzen da getariarra. Orioko Arraunketa Elkartera Klaudioren bigarren urtean etorri zen eta gustura dago, bereziki orain, igandetik irribarrea kendu ezinik baitago. 

Urteko estropadarik onena izan zela esan zuen Pedro Marik. Zuek ere hori uste al duzue?

Bai. Getxon eta Euskadiko Txapelketan ere oso estropada onak egin genituen, baina igandekoa izan zen osoena.

Igandean goizean-goizetik hasi zen gure estropada. Hara iritsi eta oso kontzentratuta geunden guztiak. Ez genuen betikoa egin. Gora igo ginen eta ez ginen jendearekin egon. Kasu egiten genuen, noski, baina gurera egon ginen. Ekipoan egon ginen. Eta niretzat, estropada hor hasi zen. 

Taldean tentsioa zegoen. Ez genuen ezer galtzeko. Azken entrenamenduak oso ondo joan ziren eta entrenatzaileak ere esaten zigun hor egoteko aukerak genituela. Eta, estropadan San Juan hor –gertu– zegoela ikusten genuenean eman besterik ez genuen egiten.

Urrundu ez direla ikusteak indarra eman behar du...

Hor gaudela ikusteak indartu egiten gaitu, bai. Beraiei, akaso, horrek jaitsi egingo die. Guri, ordea, hor gaudela sumatzeak, beren patroia entzuteak, eusten ari garela jakiteak, indartu egiten gaitu.

Ziabogan hor zeundetela ikusi zenuten; eta, bigarren luzean, azkarrenak izan zineten. Olatuen laguntza izan zenuten?

Olatuak lagundu ziguten bai; baina, guri lagundu zigun bezalaxe lagundu zien besteei. Lagundu egiten zuten olatuek, bai; baina ez zegoen hartu eta metroak irabazteko adina olaturik. Bultzatu egiten zuten, baina ez genuen olaturik hartu. 

Buruaren laguntza bai izan zenutela, ezta?

Bai. Beroketatik hasi ginen ondo. Batzuetan beroketak erdizka joaten dira eta horrek estropadatik atera zaitzake, pittin bat. Igandean beroketa ere primeran joan zen. Eta bai, buruak lagundu zigun. Hibaikaren denborari ez genion erreparatu ere egin. Bai, bagenekien aurretik etorriko zirela, baina ez ginen berak egindako denborarekin, erreferentzia horrekin, obsesionatu.

Zuena egitera joan zineten, orduan.

Eta egin behar genuena ziabogaraino San Juanen parean joatea zen. Han bukatzen zen estropada; gero, etorriko ginen. Hori egin genuen, ziabogaraino Batelerei eutsi; eta, behin hori eginda, hazi egin ginen. Ni, adibidez, ababorra izanda, joaterakoan ez nituen ikusi ere egiten. Ez nekien non zeuden. Baina ziaboga eman eta gero hortxe zeudela ikustea izugarrizko indarra izan zen. 

San Juanekoek akaso tarte gehiago egongo zela uste zuten. Nik uste dut beren ideia hankaz gora jarri genuela.

Behin helmugara iritsi eta soilik hiru segundoko aldea zenutela jakitean...

Puf, negarra. Estropada bukatzean leher eginda geunden. Amaitzean, gainera, ez duzu jakiten zenbat denbora kentzen dizuen. Eta, guri sekula ez digute horren gutxi kendu. Orduan Nadethek nabarmendu egin zigun hori, tartea oso txikia zela, hiru segundo San Juani eta bakarra Hibaikari. Eta... hori ez da ezer! 

Hunkitu egin ginen. Ni negarrez hasi nintzen. Ni eta beste asko. Zoriontasunez egin genuen negar. Asko sakrifikatzen gara arraunagatik, estropada bakoitzagatik, eta horrelako sari bat esker onez hartzen da. Orain ez daukagu ezer galtzeko... 

Ezer galtzeko eta bandera irabazteko. Aurten banderaren aldeko lehian bi ez, hiru talde zaudete...

Hortxe gaude, bai eta talde bezala sinistuta gaude posible dela. Ez dut ezinezkoa ikustea. Lehen, gure kasuan behintzat, aurrenengo igandean erabaki egiten zen bandera irabazteko ze bi talde egongo ziren. Baina aurten hiru gaude banderaren aldeko lehian. Izugarria da!  Uste dut jende askok ez zuela espero gu hor egotea... 

Zuek, ordea, sinetsita zeundeten kapazak zinetela.

Bai, hala da. Eta igandekoak balio izan du jendeak ere gaitasun hori ikusteko. San Juaneko ordezkariari galdetu zioten ea Oriorena ezustekoa izan zen. Eta, ordezkariak ezetz erantzun zuen, liga oso ona egiten ari ginela. Pena da San Juaneko batek esatea hori eta ez beste inork. 

Hirugarren egingo zenutela espero zen, baina akaso ez horren tarte txikiarekin...

Nik argi nuen hirugarren egingo genuela. Orain arte gure tokia hori izan da, hirugarrengoa. Baina desberdina da hirugarren egitea 10 segundora edo 15 segundora eta hirugarren gelditzea hiru segundora. Tarte horrekin bigarren gelditu gaitezke!

Eta bandera ere irabazi dezakezue...

Bai, bai... Baina tira, tartean sartu gaitezke ere. 

Eta tartean sartuz gero, zuek pozik. Beste biek, ordea, irabazi egin nahiko dute...

Guk bigarren egingo bagenu hunkitu egingo ginateke, hori ziur. Arranpara negarrez iritsiko naizela pentsatzen dut. 

Hala ere irabaztera joango zarete, ezta?

Dudarik gabe.

Astea berezia izango da...

Tentsio handia izango dugula pentsatzen dut. Gainontzean, orain arte bezala arituko gara. Atseden egun bat edukiko dugu eta gainontzeko egunetan entrenatzera joango gara. Entrenamenduak pittin bat arinagoak izango dira, bizi egoteko baina ez kargatzeko.

Burua prestatu beharko duzue bereziki...

Bai, kapaz garela sinisteko.

Entrenatzaileak zer esan dizue?

Gaur –astelehenean– hitz egingo dugu. Estropadaren ondoren gu bezain pozik edo are zoriontsuago zegoen. Orduan gainetik hitz egiten dugu –sentsazioen inguruan, gehien bat– eta astelehenean aztertzen dugu estropada zehaztasunez. Berak tarte horretan GPSko datuak ikusten ditu eta estropada etxean, lasai, berrikusten du. Beti dago bainaren bat, baina oraingo honetan ez dut uste zuzentzeko asko izango dituenik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!