Herrimina morriña denean

Karkara 2016ko urr. 3a, 11:23

Batzen gintuen bareak zein ekaitzak... zioen, besteak beste, Benito Lertxundiren ahotsean, Prestigeko hondamendia dela eta Nunca Mais mugimenduaren alde egindako kantuak, Euskadi Galiziarekin elkartu nahi zituen kantuak. Bistan da, itsasoak elkartzen gaituela euskaldunak eta galiziarrak, baina baita beste zerbaitek ere

XVI mendean, Ternuara egindako bidaiak baino urte batzuk lehenago, Galiziara eta Asturiasera joaten ziren oriotarrak bale arrantzara. Horren frogak topatu zituen Selma Huxley ikerlariak, eta honela jasota dago Marta Trutxuelo Garciaren Orio, historian zehar liburuan: XVI. mendean Orioko arrantzale asko Llanes, Lastres, Bares, Malpica, Layon, Burela eta, Asturias eta Galiziako beste portuetara joaten ziren baleetara. 1560. hamarkadarako badaukagu Galizia eta Asturiasen arrantzan ibilitakoaren arrastoa.

Baxurako baporeak ere, sarri askotan porturatu izan dira Celeiro, Burela eta A Coruñako kaietan, atunetan direla, edo eta Mediterraneora edo Azoresetara bidean. Compostelako Santiagorako erromes bidea ere, Donejakue bidea, arraunean egin zuen oriotar kuadrilla batek aspaldi ez dela.

Azken urteetan, horrexek, arraunak –eta oporraldiek– eusten dio galiziarren eta oriotarren arteko loturari. Estropada ikustera Galiziara, edo Kontxako astean galiziarrak gurera, Txurrukako aterpetxera  maiz, joan-etorrian ibili izan gara. Bada, bidean, herrian geratu denik ere. Halaber, ahazteko ez gaude nola egin zitzaien errezibimendua Tiraneko arraunlariei eta Galiziako neskei Orioko Udaletxeko balkoian.

Baina, itsasoaz gain, ez dago esan beharrik elkartzen gaituena handik etorritako gizon-emakumeak direla. Etorkizun oparo baten bila etorri ziren, familia bat osatu eta gure artean bizi dira. Bere garaian, izugarrizko pila etorri ziren inguruko zenbait herritara, Trintxerpe, Ermua, Barakaldo.

Aiara eta Oriora, ez ziren hainbeste etorri, baina bai batzuk batzuk. Galiziako hauteskundeak ere pasa berri diren honetan, eta igandekoa aitzakia hartuta, herriko zenbait galiziarrekin hitz egin dugu, beren historia pertsonala eta bi herrien arteko lotura harilkatzeko asmoz.

Gainera, hilabete hauetan, galiziarrek Euskal Herrian izan dituzten bizipenez, filma bat grabatzen ari dira: Sitio Distinto. Davide Cabaleiro galiziar euskalduna zuzendari duela.

Abelino Blanco - Cando Cuns, A Coruña. 1944

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Lanean, lanean nire bizitza osoan. Sei urtetatik etxean, eta gero, hamabi urtetatik kanpoan. Kostatik urruti ez, baina barrualdean bizi ginen. Bi behi bagenituen etxean, eta lurrak. Haiexek ematen zutenetik bizi ginen. 7 senide ginen, eta aita 9 urte nituela hil zen.

Eta, halako batean, 19 urterekin etxetik ateratzea erabaki zenuen. Zergatik? Zeren bila?

Abenturara. Anaia bat, lehengusu bat eta hirurok etorri ginen Mutrikura. Hemen lana izango genuela esan ziguten, eta halaxe etorri ginen, obran lan egitera. Han ere bazegoen lana, eta aritu nintzen, baina desberdina zen. 15 egun hemen, 15 egun han...

Nire anaia nagusia, aurretik, Bartzelonan ere egona zen, eta geroztik, Valentziara joan zen, eta han dago gaur egun. 7 senideetatik, bat izan ezik, beste guztiak alde egin genuen: Andorrara, Valentziara, Ameriketara... Eta horrela hasi ginen Moyua enpresarentzat lan egiten, obretan. Hiru urte egin nituen, eta Getarian lanean nenbilela, 1965ean etorri nintzen Oriora, andregaia ezagutu nuenean. Gero soldaduskara joan nintzen, 22 urterekin, Pontevedrara, eta hura bukatutakoan, ostera, Oriora. Ezkondu, obran lanean jarri, eta handik urte batzuetara Lasarteko Michelinen hasi nintzen, jubilatu arte.

Nola sentitu izan zara hemen?

Nik jende asko ezagutzen dut, eta ni ere ezagutzen naute. Ezagun guztiei kasu egiten diet, eta ez dut arazorik izan inorekin. Ondo sentitu izan naiz hasieratik.

Bueltatzen zara Galiziara?

Bai urtero. Familia osoa joaten ginen, hegazkinean. Orain ere joaten naiz nahi dudanean, 8-10 egun-edo pasatzera, arrebarengana. Izugarri aldatu da hura ere, %80a. Errepideak eta abar, hemen bezala. Hori bai, industriarik ez dago gure herri inguruan, harri enpresa bat izan ezik.

Eta galegoa, hitz egiten al duzu?

Hori ez daukat ahazteko. Aniceto Mendez, eta Jesus alkilerrekoarekin hitz egiten dut, eta baita gazteekin ere: Bitor, Ruben edo tokatzen denarekin. Euskara ere hitz egin beharko nukeen honezkero, baina asko ulertzen dudan arren, ezin barrura sartu!

                 

Pati Fernandez - Cee, A Coruña. 1986

Nola ezagutu zenuen Orio?

Nire bikotearen anaien bidez ezagutu nuen. Bitorrek eta Rubenek urteak daramatzate Orion,hemengo bi neskekin ezkonduta daude. Lehendabizi oporretan etorri ginen, eta ondoren, lan bila.Mutil laguna anaien enpresa berean lan egitera etorri zen, eta nik ere lana topatu nuenez, hementxe gaude.

Etorri zinenean, zerk harritu zintuen gehien?

Beste zerbait espero nuen. Azkenean, hara albisteen bidez iristen dena eta benetako errealitatea oso desberdina dira, garai hartan gainera, giro beroagoa zegoen politika dela-eta. Bestela, Galiziaren oso antzekoa da klima aldetik, jan kontuetan eta abar.

Eta, bizitzen jarrita, zer kosta zaizu gehien?

Oraingoz, hizkuntza, euskara. Urteen poderioz bazoaz gauzak ikasten, baina hizkuntza zaila iruditzen zait. Hala eta guztiz ere, pixkanaka-pixkanaka bagoaz aurrera.

Orain, urrutitik, nola ikusten duzu Galiziako gizartea?

Honekin konparatuz ikusten dudan aldea da, beharbada, atzeratuago dagoela langileen eskubideei dagokionez. Han, nolabait esateko, jendea ez da horren borrokalaria, ez du horrenbesteko borrokarik egiten beren eskubideen alde. Konformistagoa bezala da, edo beldur handiago du. Bizi kalitatea hobea da hemen, baina horren alde borroka egin delako, eta egiten jarraitzen delako. Han jendearen beldurrarekin jolasten dute, eta hemen ere bai, baina, hala eta guztiz ere, jendeak borrokan jarraitzen du.

Kostakoa izanda, zer akordatzen duzu Prestige auziaz? Nola bizi izan zenuten?

Diru-laguntza handiak izan ziren, ez bakarrik itsasoaz bizi zirenentzat, baita patroi agiri bat zuen edozeinentzat ere. Zenbait etxetan milatik gora euro jaso zituzten hilero laguntzetatik soilik. Pentsa! Eta egia esan, jende boluntario asko etorri zen kanpotik laguntzera, eta horretaz ere aprobetxatu ziren batzuk. Esate baterako, ostalariek prezioak igotzeko aprobetxatu zuten. Kanpotik, edo horretatik zuzenean bizi ez ginenontzat, desastre hutsa izan zen, katastrofea. Baina, nolabait horretatik bizi zirenentzat pagotxa izan zen. PPk jendea diruz erosi zuen.

Eli Palacios - Donostia, Gipuzkoa. 1982

Zu Donostian jaio zinen, baina bost urterekin Galiziara joan zinen bizitzera, A Coruñara,hiriburura.

Bai, nire ama hangoa zelako. Hala ere, amaren ahizpa hemen geratu zen bizitzen, eta urtero etortzen ginen izeba bisitatzera. Horregatik edo, beti sentitzen nuen zerbait barruan, hona etortzeko-edo deitzen zidana. Azkenean, ikasketak amaitutakoan, 21 urterekin etorri nintzen, lanera.

Eta Oriora, nolatan iritsi zinen?

Galiziatik etorrita dekorazio enpresa batean hasi nintzen lanean, eta han nire bikotea ezagutu nuen. Bera, hernaniarra da, baina udak Orioko kanpinean pasatzen zituenez, azkenean, Orion bizitzea erabaki genuen. Erroldatu nintzela 8 urte dira, eta beste pare urte Kanpinean bizitzen aritu ginenez, 10 bat urte daramatzat Orion.

Eta zerk harritu zintuen gehien, zerbaitek harritu bazintuen, Galiziatik etorri zinenean?

Egia esan, asko aldatzen da bizitza han eta hemen. Desberdinak gara. Hasiera batean, pixka bat itxia egiten da hau, kosta egiten da sartzen. Gero bai, harremanak egiten dituzunean errazagoa da, oso noblea da jendea, baina hasiera batean... Niri izugarri lagundu dit euskarak, euskaltegian apuntatu nintzen eta horrela jendea pila bat ezagutu, eta harremanak egin ditut. Baita lantokian ere. Baina, hasieran nahikoa zaila da bai.

Euskaraz oso ondo egiten duzu.

Bueno, hor nabil! Aurten euskaltegira joan behar dut berriz.

Nola ikusten duzu hemendik Galizia?

Nola esango nuke... Hemengo jendeak gehiago borrokatzen du bere eskubideen alde. Justiziaren kontzeptua desberdina da. Han, jendeak ikusten ditu gauzak ez daudela ondo, kexatzen da, baina horretan bezala geratzen da. Galiziarrak konformistagoak-edo garela esango nuke. Pixka bat amorrazioa ematen dit egoera politikoa ez aldatzeak, ikusten dudalako azkenaldian gazte jendea ari dela konpromisoa hartzen. Ez dakit, amorrazioa ematen dit, jakinda, gainera, herri umila eta langilea dela galiziarrona.

Jesus Sioane - Arzúa, A Coruña. 1943  

Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?

Nahiko gogorra izan zen. Sei seme-alaba ginen eta ama gu ume ginela alargundu zen. Beraz, gazte nintzelarik, onenean, laga behar izan nuen etxea, etorkizun hobe baten bila. 15 urte nituela etorri nintzen Bilbora, anaia nagusia, benetan nire aitatzat nuena, hemen zebilelako arotz. Okindegi batean hasi nintzen lanean, baina urte beteren buruan, Donostiara etorri nintzen, ordurako anaia Zarautzen zebilelako lanean, motoen Derlan lantegian, eta Bilbon oso maitatua sentitzen nintzen arren, gauez lan egitea gogorra zelako.

Soldaduskara joan nintzen, eta ondoren Orion hasi ginen lanean, lehendabizi errioaren beste aldean, eta gero hortxe Aita Lertxundiko aparkalekuan dagoen horretan. Orduz geroztik, hementxe nabil, lehen sozioarekin eta gero bakarrik, irauten.

Ezkondu eta emaztea eta biok, getariarra bera, Orion jarri ginen eta hiru seme-alaba izan genituen. Berak etxean jostun lanak eginez, eta ni tailerrean lan eta lan, atera dugu bizitza aurrera.

Hona etorritakoan zerk harritu zintuen gehien?

Egia esango dizut. Urte hauetan guztietan, oso lagun onak egin ditut, eta ez dut inoiz inorekin arazorik izan. Oso ondo pasatu dut, nahiz eta gero bakarrik geratu nintzen, anaia Gasteiza joan baitzen Peugeoten lan egitera. Leku honi kariño handia hartu diot, galiziarren tankerako jendea baita hemengoa: maitekorra, eta ona zarela ikusten badute estimatzen zaituztena.

Eta Galizia, oporretan eta joaten zarenean, asko aldatu al da?

Izugarri aurreratu du Galiziak industrian, nekazaritzan, errepideetan. Adibidez, gaur egun, autobia daukazu haraino, xentimorik pagatu gabe.

Eta galegoa, ez zitzaizun ahaztuko!

Hori sekula ere ez, ezta nahi ere. Euskara bezala da. Tristea da euskaldun-euskaldunak euskaraz egiteari lagatzea, horri eutsi egin behar zaio, gurea da, barruan daramaguna.

                        

Natalia Muñoz - Mondariz, Pontevedra. 1984.

Nola ezagutu zenuen Orio? Noiz etorri zinen lehendabiziko aldiz?

Euskal Herrira etorri nintzen lehen aldia 2013ko irailean izan zen. Orio nire mutil-lagunaren bidez ezagutu nuen 2014an.

Zerk harritu zintuen gehien? Izan al zen zerbait atentzioa eman zizuna?

Euskal jendartean integratzeko erraztasunak, abegikortasunak eta konplizitateak harritu ninduten. Jende noblea zarete. Emakume modura, errespetuak eta defentsak. Matxismoaren aurrean gizarteak gehiago erantzuten du. Politikari dagokionez, Galizian baino debate gehiago dago.

Hara eta hona zabiltzan honetan, nola ikusten duzu Galiziako gizartea azkenaldian?

Identitate propioaren sentimendu zabalago bat dago, kultura, erreakzio eta kritika gehiago, baina dirudienez ez da nahikoa. Alderdi politikoen barne zatiketek giro dinamikoago bat sortu dute, baina aldi berean jendea ere nahastu egin da. Askok ezagunari botoa ematen jarraitzen dute, nahiz eta okerrena izan. Kazike giroko kultura batek jarraitzen du, aldaketari beldurra diona. Hainbesteko egurra eman digute, jendeak erreakzionatzen badu ere soilik maila lokalean antzematen dela. Nire herrian adibidez, beti APk eta PPk gobernatu izan du azken hauteskunde lokalak izan ziren arte, zeinetan gehiengoa galdu zuten. Halere alderdi tradizionalak oso sustraituta daude, beren hautesleek ez diete hutsik egiten eta belaunaldiz belaunaldi hala izaten jarraitzen du. Horregatik Galiziako Xuntari dagokionez oraindik bide luzea egin beharko dugu aldaketarik ikusteko.

Eta galegoa, nolakoa da hizkuntzaren osasuna?

Galegoaren erabilera atzerantz doa, jende askok ulertzen badu ere gutxik erabiltzen dute, gehienbat hirietan. Galizi­ako Xuntak hizkuntza politikan egin dituen inbertsio eskasen ondorioa da. Gehiago esanda, bere politikak aurkakoak dira. Hizkuntzaren defentsa herritarren lanari esker egiten da, elkarte edo talde txikien bidez eta orokorrean instituzioen laguntza ekonomikorik gabe. Etenik gabeko borroka da. Psikologia mailan egin beharreko lan asko gelditzen zaigu oraindik hizkuntzaren estatusa aldatu ahal izateko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!