karkara.eus

Alex Tello: "Antzezlanean aurkitzen den giroa Berdin-berdinak elkartekoek beren egunerokoan bizitzen dute"

  kultura  Orio

Antzezlea eta antzerki zuzendaria da, besteak beste, Alex Tello. Inklusioan bere hondar aletxoa jarri nahi du Jendartean bidaide izeneko antzezlanarekin. Ostegunean Orion izango dute emanaldia, 22:00etan, kultur etxean, 5 euroren truke.

Inklusioaz ariko zarete…

Bai, askotan integrazioaz hitz egin izan da eta inklusioa hurrengo urratsa litzateke: elkarrekin parte hartzea eta gauzak egitea da, eta ez toki berean egotea. Noski, aniztasunaz mintzo naiz, norbanako guztiek beren ezaugarri propioak dituzte eta guztiok jendarte edo gizarte berean bizi gara.

Nolatan otu zitzaizun gai hori lantzen duen antzezlana sortzea?

Iaz Usurbilen Kilometroak jaia ospatu zen eta urtean zehar beste gaien artean inklusioarena landu nahi izan zuten. Batzordea eratu zuten eta hainbat ekimen egin nahi izan ziren, horien artean antzezlanarena. Usurbilgoa naiz eta 2016an bi lan profesional aurkeztear aurkitzen nintzenez, nigan pentsatu zuten antzezlana egiteko.

Usurbildik baina Euskal Herrirako egindako antzezlan aizan zen. Asmoa zen inklusioaren gaiari jarraipena ematea hurrengo Kilometroetan, baita antzezlana beste herrietara eramatea ere. Horregatik, hainbat herrietako kideez osatutako taldea egin nuen.

Gaia gertukoa al duzu?

Unibertsitatean Gizarte Hezkuntzako ikasketak egin nituen, gero haur eta gazteekin kale hezitzalea izan nintzen 5 urtez Villabonan, zaharrekin ere animazioan lana egin nuen.

Bestetik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin alor sozialean diharduten hainbat elkarteekin harremantzen gara eta adibidez, Panpoxa ikuskizunerako Gorka eta Igor pertsonaiak prestatu nituen, bata gurpildun aulkian ibiltzen zen eta besteak autismoa zuen.

Sortze prozesua nolakoa izan zen? Luze jo al zuen?

Otsailean proposamena egin zidaten. Aste batzuk behar izan nituen inklusioaren gaiaz eta taularatzeaz gogoeta egiteko. Martxoa-apirilean lehen gidoia idatzi nuen. Maiatzan diru iturriak bilatu eta ekainean-uztailean taldea osatu genuen, talde handia eta anitza. Gero, uztailetik irailera prestaketak egin genituen eta irailaren 18an estreinatu genuen. Urrian ikuskizunaren harira sortutako bi abesti grabatu genituen, baita bideoklipak egin ere.

Oso bizia izan zen. Denbora gutxian gauza asko egin nituen. Estreinaldia arrakastatsua izan zen, jende asko hunkitu zen, hedabideetan oihartzun ezinhobea izan zuen...

Sortze prozesuak ez dira linealak, ezta? Proiektu bakoitzak bere lanketa propioa dauka…

Proposamen hau ez zen nire ekimena... Baina, gero, %100 inplikatzen naizenez, egitasmoa nire egin nuen eta bukaerarako, taldeak bere egin zuen. Talde ederra bildu gara. Zaila izango da talde hobeagorik aurkitzea.

Behin gidoia idatzita, taularatze prozesua hasi zenuela pentsatzen dut. Zu aktore izanda, erraza egin al zitzaizun aktoreak aukeratzea?

Gidoiaren lehen bertsioa udaberrirako egin banuen, hurrengo uztailerako prestatu nuen antzezlana. Aktore gehienak aurrez ezagutzen nituen eta gidoia berengan pentsatzen berridatzi nuen. Kirol Egokituko Federazioko lagunek ere asko lagundu ninduten; batetik, fitxaketa batzuk egiten lagundu ninduten, eta, bestetik, gidoiarekin. 

Aktoreetako bat behar bereziak dituen pertsona da, Telmo Irureta. Eskualdekoa da, zumaiarra. Antzezlanean bera eta zuek elkarrekin aritzea ere inklusioa egiteko modu naturala da, ezta?

Telmo izan da -eta da- lan gutxien ematen duen aktorea, dena erraz eta ondo egiten du. Zuzendari batentzat luxua da. Eugenik ere garun paralisia du eta aurretik sekula ez zuen antzerkia egin. Beste aktore batek, Enrikek, down sindromea du. Miren gorra da eta gainerakoak?

Bakoitzak ditu bere ezaugarriak. Esan behar dut, kontatzen dugun istorioan lan gehien ematen duena Xanti dela, hain zuen behar bereziak ez dituena.

Aktore askok hartzen duzue parte. Hori kudeatzea zaila al da?

Bai. Kudeaketa zaila da. Dena elkartzea kosta egiten da. Esan, udaberrian ez genuela Orion emanaldia egin kontu horregatik.

 

 

Antzerkiaz gain, kantuak ere presentzia du zuen obran, ezta?

Zuzeneko pianojolea ere badugu, Satxa Soriazu. Eta bai, musikak ere badu bere presentzia.. izan ere, zer izango zen bizitzaz musikarik gabe, ezta? Eta, gorrari galdetuko bagenio? Ikuskizunean bi zeinu itzultzaileek parte hartzen dute: Ainhoak eta Moiuak. Pianoa jotzen denean koloretako argia piztuko zaio.

Itsuarengan ere pentsatu dugu. Jendartea osatzen dugun guztiak kontuan hartzen eta denekin enpatizatzeko ahalegina egiten dugu. Zerrenda amaigabea da, inklusioarena, eta guztiontzako dago tokia bertan.

Antzoki guztiak ez daude horren kopuru handirako egokituak. Horregatik egokitu duzue antzezlana formatu txikira?

Egokitzapena egin dugu inklusioa eta menpekotasunarekin erlazionatutako mezuak zabaldu nahi ditugulako eta talde txikian hori lortzea errazagoa delako. Obra handia mugitzea zaila da, batik bat aurrekontuarengatik eta gaiarekiko programatzaileek duten ezjakintasunagatik. Obra txikia diferentea da, mezu ugari eta zuzenak ditu, Jendartean Bidaide antzezlanaren jarraipena da.

Batak nahiz besteak, zer nolako harrera izan dute?

Obra txikiarekin sei emanaldi egin ditugu eta dagoeneko 500 lagunek baino gehiagok ikusi dute. Obra handia 200 lagunek ikusi zuten, eta Orioko emanaldiaz aparte, momentuz ez ditugu emanaldi gehiago aurreikusi.

Berdin-berdinak elkarteko lagunei eskerrak eman nahi dizkiet, baita Orioko Udalari ere, antzezlana programatzeagatik. Lan ederra da, jatorra, eta ikusleek gozatu egingo dute.

Orion ohiko formatuarekin ariko zarete. Berdin-berdinak elkarteak udalaren laguntzaz antolatu du zuen ekimena. Elkarte honek ere inklusioan egiten du lan. Ilusio berezia egiten al dizu lan horretan diharduen talde baten eskariz jarduteak?

Antzezlanean aurkitzen den giroa Berdin-berdinak elkartekoek beren egunerokoan bizitzen dute. Zailtasunari aurre egin baino, hori berekin eramaten eta gainditzen dute. Beren jarrerak ematen du ilusioa, eta hori gertutik bizitzeak bizi dugun errealitatea zer nolakoa den jabetzeko balio digu. Ikusi nahi ez duenak baino itsuagorik ez dago.

Berdin-berdinak, Jendartean bidaide, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak eta beste hamaika elkarteei edota eragileei esker nolakoak garen eta nola bizi garen horri buruz kontzientzia hartu dezakegu eta horri esker batak bestearekin enpatizatu ahal izango dugu. Elkartu ulertu. Elkarren artean hobeto moldatu ahal izango gara.

Eta hortaz jabetzen ez direnak bai dituztela behar bereziak! Horrelakoekin inklusioa garatzea... horiekin bai izango dela zaila!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa