Arrauna: 2016-2017

Borja Mena: "Master intentsibo bat izan da aurtengo denboraldia"

Karkara 2016ko urr. 10a, 10:50

Hasiberriekin hasi zuen proiektua. Berak jarri zuen lehen mugarria Oiartzungo arraun historian. Itsaslapurrekin denboraldi bat egin eta gero, hasiberrietatik ondo ondutako taldera egin zuen salto. Bermeora joan zen, osabaren altzora. Han ikasitakoak irakatsi nahi ditu aurten, Donostiarran. Emakumeen traineruko entrenatzailea izango da hurrengo denboraldian.

Iaztik hona aldaketa nabarmena eman duzu. Oiartzundik Bermeora joan zara. Alor pertsonalean, zer nolako esperientzia izan da?

Oiartzunen gauza asko ikasi nituen. Berentzat erreferentea nintzen. Baina, aurtengoa, oso fruktiferoa izateaz gain, oso ezberdina izan da. Ni bereziki osabaren aldamenean egon naiz eta ikasi egin dut. Ikasteko oso urte ona izan da. Emaitzek lagundu egin dute, gainera; eta, emaitzek horrenbeste lagundu ez dutenean, Hondarribiaren atzetik ginenean, talde lan hori kudeatzen ikasi dut. Hortaz, pertsonalki, master intentsibo moduko bat izan da niretzat, edukia enbutu batekin barneratuko banu bezalakoa.

Salsamendik aipatu zigun sena jarraitzea bezain garrantzitsua –edo garrantzitsuagoa– zela zenbakiei erreparatzea. Berak itzaleko lan handia egiten du senak esaten dion horri, galdera ikur horiei, erantzunak bilatzeko. Erantzun horien bilaketan ere asko ikasiko zenuen.

Gauza bat da senak zer esaten dizun, baina, nik uste dut, osabak duen onena zera dela: ezer martxan jarri baino lehen atzetik probatu eta ziurtatu egiten du. %100ean ziur dagoenean –behintzat hori plazaratzen du– jartzen du plana martxan. Kasualitateari edo patuari ez dio lekurik uzten. Guztia lotuta ematen duen pertsona bat da.

Ikasketa prozesu bat izan dela diozu. Baina, ikasteaz gain, osabari ere laguntza eman diozu.

Osabaren ondoan egon naiz denboraldi guztian. Nik, batik bat, neguko grabaketetan lagundu diot. Ia entrenamendu guztiak grabatuta dauzkat eta grabazio horietatik abiatuta, dauzkadan aplikazio batzuei esker, emaitzak ematen nizkion. Emaitza horiek interpretatzen zituen osabak. Horrez gain, arraunekin eta antzerakoekin ere lagundu diot.

Taldean ere nire aletxoa aportatzen saiatu naiz. Soinu gutxi egiten ibili naiz, beti atzeko ilaran, baina beti laguntzeko prest egon naiz, nola osabari, hala taldeari.

Itzalpean egon zarela diozu. Nola moldatu zara taldean tokia egiteko eta arraunlarientzat zure egiteko horretan erreferente izateko?

Taldeak argi zeukan nik egin nezakeena zer zen. Orduan, momentu batzuetan, zuzenean nigana jotzen zuten. Urrian edo azaroan, hau da, hasi nintzenean, goliatak ziren arraunlariak niretzat. Ni txiki-txikia nintzen. Baina, pixkanaka taldean sartzen joaten zara. Berak badakite zein den zure rola eta zuk ere badakizu zein den zure egitekoa. Urte amaierarako oso gustura sentitu naiz taldearekin, laguntzaileekin, taldearen gainetik dagoen zuzendaritzarekin…

Guztiok daukagu gure zeregina eta guztiena da garrantzitsua. Nik uste dut denok jarri dugula gure partetik bi titulu garrantzitsu horiek lortzeko.

Ikasitakoa baliagarria izango zaizu hurrengo denboraldian, Donostiarran, izango duzu rolerako.

Bai, hori da. Aurten hartu dudan erabakia ikasi dudana horregatik guztiagatik hartu dut. Aukera izango nuke osabaren aldamenean segi eta gehiago ikasteko, baina batzuetan arriskatu egin behar da. Hori egin dut momentu honetan, arriskatu. Talde berri batekin hasiko naiz datorren urtean, Donostiarran. Oiartzunen izan nuen rol antzekoa izango dut, beraz. Baina tira, atzetik laguntza izango dut. Nire lana neska talde bat entrenatzea izango da, besterik ez.

Pausua eman dut gai ikusten naizelako eta uste dudalako onuragarria izan daitekeela neskentzat eta niretzat. Nik oraindik asko hazi nahi dut eta uste dut hau urrats bat izan daitekeela horretarako.

Oiartzungo rol paretsua izango duzula diozu. Baina Oiartzunen ez zenuen soilik entrenatzaile rola izan, paper ugaritatik pasa behar izan zenuen…

Guztietatik! Denboraldia amaitzerako postu ia guztietan egona nintzen.

Eta horrek nekatu egiten du, ezta?

Bai. Urte gogorra izan zen. Ez zegoen zuzendaritza sendo bat. Lan horiek guztion artean egin behar izan genituen. Babeslerik eta diru iturri finkorik ere ez zegoen. Orduan, malabarak egiten, urte amaierara iritsi ginen, baina nekagarria izan zen.

Lehen urtea izateko, hasiberriz jositako taldea izateko, nahiko denboraldi polita egin genuela uste dut. Aurten Oiartzun, San Juan taldeko hainbat arraunlariren laguntzarekin, oso ondo ibili da. Iaz zerbait ongi egingo genuen orduan.

Oiartzun iragana da dagoeneko, baita Urdaibai ere. Zentratu gaitezen Donostian eta argitu dezagun ez zarela aurtengo Donostiako traineruaren –Donostia Lagunak– entrenatzailea izango, baizik eta Donostiarrakoa.

Hori da. Donostiako mutilekin pasa zen moduan –2009an Donostiako arraun talde guztiak elkartu ziren–, neskekin ere berdina egin nahi izan da. Ia bi urte doaz elkartu nahian Arraun Lagunak eta Donostiarra. Ez dira akordio batera iristen. Orduan, Donostiarrak , zain egon beharrean, bere bidea egitea erabaki du.

Berak bi urteko ibilbidea daramate bizkarrean. Gu orain hasiko gara. Erreferente izan nahi baduzu bai nesketan, bai mutiletan; ezin dugu emakumeen traineruaren kontua luzatzen utzi. Taldea sortu behar dugu eta gure bidea egin.

Datorren urtean talde bat gehiago egongo da orduan, eta Zumaia ere itzuliko dela diote. Traineru kopuruak gora egiten du pixkanaka-pixkanaka. Kuantitatiboki neurtuta, emakumeen arrauna indartzen ari dela dirudi. Kualitatiboki ere horrela al da?

Baietz esango nuke. Neskek arraunean urteak darmatzate lanean eta jendea ohartzen ari da egiten duten lanaz. Oriok, adibidez, harrobian neska asko dauzka. Neska horiek aulki mugikorra egiten ez badute, beste irtenbideren bat eduki behar dute. Urte guzti horietako lana ezerezean gelditzea pena da. Nonbait arraunean jarraitzeko aukera izatea paregabea litzake, eta, zorionez, geroz eta talde gehiago daude neskek arraunean ere tokia izan dezaten.

Jendea ohartzen ari da emakumezkoak ere beharrezkoak direla. Emakumeei beren tokia jarri behar zaie, baita emakumeen kirolari ere. Emakumeak beti egon dira bigarren lerroan, itzalean. Ez soilik arraunean, baita futbolean, herri kiroletan… eta, bada garaia lehen lerrora gerturatzeko.

Ez da soilik instituzioen lana, baita emakumezkoena ere. Gizonezko dauden lekura iristeko asko borrokatu dute. Emakumezkoak ere ari dira borrokan. Beraz, merezi duten leku horretara iristeko emakumezkoei lagundu egin behar diegu.

Gizonezkoek ibilbide luzeagoa egin dute, urte gehiago daramatzatelako arraunean. Emakumeen arrauna gizonezkoenarekin alderatuz gero, gaztea da oso; baina, ez duzu uste instituzioek lagundu egin beharko luketeela emakumeek egin behar duten bide hori horren aldapatsua izan ez dadin?

Bai, noski baietz.

Sarietan, adibidez. Emakumeek egun badituzte ordainsariak, baina gizonezkoenekin alderatuz gero, askoz ere baxuagoa da ematen zaien diru kopurua.

Kontxan, egia da, esfortzu handia egiten dela. Argi dago mutilei 24.000 euro ematea eta neskei 15.000 euro ematea, kantitate hori ematea, esfortzu handia dela. Neskei 15.000 euro emateko esfortzu handia egiten ari da eta eskertzekoa da, mila bider. Udaletxe aldetik oso ondo dago.

Emakumezkoetan aurten zortzira zabaldu dute sailkatzen diren traineruen kopurua. Hori ere oso ongi dago.

Ez dudana ulertzen zera da, Espainiako Txapelketa egotea Castron eta ez egotea neska bat bera ere. Mutiletan ez zen kopuru handia joan, 5-6 joan ziren, baina nesketan inor ere ez. Zergatik? Gipuzkoako Liga zegoelako ez ziren joan. Zer gertatzen da? Neskak garrantzia handiagoa ematen diote Gipuzkoako Ligari Espainiako Txapelketari baino? Edo bat, Espainiako selekzioak ez du behar den babesa eman; edo bi, zerbait gertatzen ari da. Nik ez diot logikarik hartzen.

Euskotren dago, laguntza handia dena; udaletxeak ere hor daude, lagungarriak direnak; patrozinatzaileak… Donostiako kluba ere ahaleginak egiten ari da eta, dirudienez, neskei mutilei ematen zaizkien laguntza berberak emango zaizkie ekonomikoki. Ez dakit hori zenbat klubek eskaini dezaketen…

Eskaini dezaketen eta, ahaldun izanda, eskaintzen duten...

Klaro. Hori ere gerta daiteke. “Logikoena”, egun, jokabide hori edukitzea da. Gizonezkoak lehen mailara igotzeko prozesuan daude, emakumezkoen lehen urtea da eta oraindik ez dakigu zein prozesutan gauden ere… Ez dakit zein talderekin aurkituko naizen, beraz, ezin diozu 10.000 edo 1.000 euro eskaini –esatearren–, ez dakizunez zer emango dizun. Hori bai, egiten duten esfortzuak errekonpentsa izan behar du. Bai ala bai.

Hain juxtu “salmenta” hori da gizonezkoengan diru gehiago inbertitzea dakarrena, ezta? Baina noski, hori retroalimentatzen den gurpil bat ere bada…

Akaso diodana gogorra izan daiteke, baina niri logikoa iruditzen zait mutilei 24.000 euro ematea eta neskei 15.000 euro ematea. Neskei 15.000 euro ematea asko da. Kontxako estropada soilik emakumeekin egingo bazenu, ziurrenik, etikoa ez den arren, babesle gehienak hanka egingo lukete, ez luketelako horrenbeste salduko.

Gaur egun gauzak horrela daude. Denon artean egin behar dugu aurrera. Hezkidetza etxetik landu behar dugu...

Goazen berriro zuenera, Donostiarrara. Dagoeneko arraunlariren batek jo al du zuen atea? Edo zuek arraunlariena…

Multzo txiki bat lotua daukagu, ia dozenara iristen dena. Pasa den ostiralean eman nuen baiezkoa eta ordutik ari naiz hainbat neska talderekin biltzen. Bilera dezente izan ditut. Ez dugu arazorik edukiko trainerua osatzeko, eta, osatzen dugun traineru hori ez da desastre bat izango. Lana egin beharko dugu, hori bai: guztia lotu, forma eman…

Nire asmoa azaroko lehen astean lanean hastea da. Beranduenez bigarrenean.

Eta esan, guk ateak ez dizkiogula inori itxiko. Gugana etorri nahi duena, ongietorria izango da.

Guztia itxi arte zaila izango da planifikazio bat egitea, ezta? Nondik jo erabakitzea…

Oinarria gutxi gorabehera badakit. Badakit zein etorriko diren, zer entrenamendu mota egin ditzakegun… Alde horretatik ez daukat inolako beldurrik. Traineruaren alderdi gogorra badakit nolakoa izango den. Baina, ez dakidana da jende berria zein izango den, beste klubetatik datozenak zeintzuk izango diren… Oraindik ez dakit horiekin zein lanketa egingo dudan oraindik. Azkenean, talde berri bat denean, guztia berria da. Zuk jende jakitun askori deitu arren, dena berria denez, inork ezin du jakin. Azaroan ikusi beharko dugu pieza guztiekin puzzlea nola osatuko dugun.

Ziurtatuta dauzkazun arraunlari horiekin bildu al zara?

Bai, batzuekin elkartu naiz. Borondate ona daukate. Material eta baliabide aldetik oso jantziak gaude: remolkea daukagu, arraunak dauzkagu, fuerabordak, nutrizionista, prestatzaileak… Atzetik oso talde ona daukagu.

Instalakuntzak ere ezin hobeak dauzkagu. Loiolan, Ur kirolaken, denetik daukagu. Kaian uretara joateko aukera daukagu. Eta, azkenik, Trintxerpen ere gimnasio bat daukagu, material askokoa. Nesken bizitokiaren arabera, malgutasuna izango dute batean ala bestean entrenatzeko…

Hori luxu bat da…

Bai, bai. Oiartzunen egon nintzenean San Juani baimena eske ibili behar izaten nuen. Orain badakigu zer daukagun, zer erabili dezakegun. Gainera, koordinatzaile postu bat daukagu eta horrek kudeatuko ditu espazioak. Berak esango digu zein egunetan eta zein ordutan egongo den toki bat edo beste libre.

Helburuak jartzeko goizegi da, lehendabizi taldea osatu behar baituzue eta, ondoren, zuen martxa hartu. Baina zuk, entrenatzaile gisa, alor pertsonalean, ba al daukazu helbururik?

Taldearen arabera helburu bat edo beste jarriko dut, baina, ahalik eta zuku gehien ateratzea da asmoa. Bidean, ahal bada, inor ez gelditzea. Hasten diren neska guztiak, beren %100arekin, udara amaierara iristea nahiko nuke. Ez dut nahi jendea albo batera gelditzea. Taldea ondo kudeatzeko gai izan nahi dut eta taldeari zukua atera nahi diot.

Zuretzat garrantzitsua da taldea mimatzea.

Bai. Hau talde lana da. Talde moduan kohesioa izatea eta hasieratik bukaerara multzo bat izatea gustatuko litzaidake. Gainera, klubak jarri diten irizpideetako bat hori da: ahalik eta neska gehien edukitzea eta horiek bukaeraraino eustea. Niretzat beti garrantzitsua da hori, baina klubak ere esaten badit, are gehiago.

Pertsona bakoitza balioagarria sentitzea garrantzitsua da, beraz.

Bai, noski. Hemen denok ez dugu balio denetarako. Guztiak ez dugu arraunerako balio. Baina, guztiok daukagu funtzio bat eta guztioi eman behar zaio aukera bat. Nik nere %100a emango det eta berak ere %100a eman beharko dute. Eta, hala bada, saiatuz gero, bakoitzak bere postua izango du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!