“Ez erosi zintzarria behiaren aurretik”

Jon Agirresarobe 2016ko urr. 31a, 08:06

Goazen Orioko eta Aiako errezeta liburua idaztera. Lagunarteko otorduak; paper muturrean gordetako osagaiak eta kopuruak; etxeko jan ohiturak; baratza, errioa eta itsasoa; jatetxeetako sukaldeak... Mahai bueltan gauza asko egin daitezke, interesgarrienak bi: jan eta berriketan egin. Ahal dela ez egin biak batera.

Errezeta


Argazkian bi senar-emate gazte lanerako prest ageri dira: Pilar eta Joxe Etxezarreta Agerre baserriko anai-arrebak, Jose Migel Zendoia Mutrikuarrarekin eta Mari Karmen Atxega aginarrarekin. Argazkiaren atzealdean idatzita dago eguna: 1979. urteko ekainaren 24ean zabaldu zuten Katxiña.

Ordutik gutxi atera da Pilar jatetxeko sukaldetik. Ostegunarekin hartu gaitu. Itxita dago jatetxea, baina gurekin pasa du goiza berriketan. Langilea da Pilar, langilea eta hizketan grazia handikoa. Bi bertute dira horiek.

25 urte zenituela zabaldu zenuten Katxiña. Bakailaoa eskaintzen hasi zineten.

Juan Antonio Ercillak eman zigun ideia: hemen inguruan ez dago jatetxerik bakailaoa pil-pilean eskaintzen duenik. Arrakasta izango duzue. Bilboko Casa Guriara joan ginen probatzera, izugarria zegoen. Orduan, anaia Joxek esan zidan elkarrekin jatetxea ireki behar genuela.Laster esan nien, nik ez dut hain ona egiten. Laurok aztertu eta berotu egin ginen: miloi bat pezeta eskatu genion bankuari, %16ko interesekin atera genuen kreditua. Joxek eta Joxe Migelek kanpoan ere lan egiten zuten. Urteen poderioz bakailaoak zabaldu zuen Katxiñaren ospea, baina hasieratik bisigua eta kokotea parrilan ere eskaintzen genituen.

Nahastuta nabil. Baserria Agerre da, eta jatetxea Katxiña.

Laurogei urteko aitonak San Martinen meza entzun ostean eztabaida bizian entzun izan ditugu etxe atarian, batak besteari ikusten al duk, baserrian Agerre jartzen dik esanez. Historia ederra da: Jose Mari Katxiña Lizartzako artzaia zen, Agerre baserriko alabarekin ezkondu zena. Honen anai Joxe Domingo zen maiorazkoa Agerren, eta Orexako Joxeparekin ezkondu zen gurasoek ferian tratua eginda. Gauzak horrela, Lizartzako artzaia eta Agerreko alaba Itsaspe baserrira joan ziren bizitzera. Bitxia da gero: Katxiña artzaina deitzen zioten eta Itsaspen bizi zen, jaiotzez Lizartzakoa izanda. Artzaina da bere semea ere, Lazkaon bizi da eta Katxiña izeneko gaztak egiten ditu.

Bizi osoan etxean egin duzu lan.

10 urterekin antxoei burua kentzera joaten ginen. Rekondo familiaren txaletera ere bai sukaldea jaso eta etxea garbitzera. Arropa zabaltzeko sokan jarritako trapua zen agindu, kolorearen araberakoa: trapu berdea esnea eramateko, trapu gorria sukaldea garbitzera joateko… Moulinex enpresa zabaldu zenean nire adineko neska pila sartu ziren lanera. Baina etxean emakumea behar zen. Pena hartu nuen, etxera jornala ez ekartzearen pena.

Pilar zugan nabarmena da arbasoen arrastoa...

Eredu izan dira. Gurasoak seme-alaben aurrean ez ziren inoiz haserretu. Gu, berriz, mahaian jarri eta entzuten egoten ginen, egi bihurtzen ziren haiek esandako asko. Esaterako, gure amonari entzuna da: ni berehalaxe hilko naun, baino aurki kale denak taberna izango ditun, mendi denak kamio,eta gizonezkoa emakumezkoarengandik ihesi arbola gainera igoko den. Ez zebilen urruti gure amona, asko aldatu da gizartea. Esaterako, haurdun dauden bikote gazteek ere izena pentsatuta izaten dute oso goiz. Grazia egiten dit, gure amonak esanak gogoan: behia baino lehen zintzarririk ez erosi. Joxe Migel eta biok haurra jaio arte ez genuen sehaska dendatik ekarri.  Orain berriz, seme-alabei zerbait esaten hasi eta segituan erantzuten hasten zaizkizu, ez dute entzuten. 

Zuri entzunda erreza ematen du sukaldeko ofizioak.

Ez da erraza izan. Joxe Migel eta biok Altxerrin aritu ginen ikasten, bera parrilan eta ni sukaldean begira, ezer egin gabe. Mari Karmen koinata eta Joxe anaia Aieten aritu ziren. Bizitzan bi momentu izan ditut txarrak: amaren heriotza eta Katxiña martxan jarri genuenekoa. Ardura handia zen, gauero ametsetan, hezur eta azal gelditu nintzen.

Bakailaoa hautatu duzu errezeta eskatuta. Baina Argiñanok esana da kroketa onenak Katxiñakoak direla.

Gure amak harrigarriak egiten zituen, haragi egosiarekin. Salsamendinean egoten zen, inoiz taberna irekitzeko asmoaz entzun izan nituen hizketan aita eta biak. Baina gure ama isila zen. Nik hamairu urte nituenean hil zen ama. Orduan heltzea prestatuko nuen baina asko gehiago ez. San Pedro batzutan saiatu nintzen kroketak egiten, lehenbiziko haiek pilotan jokatzeko modukoak irten zitzaizkidan, gogor gogorrak. Baina esne partitzen ibiltzen nintzen eta etxeko andreei galdetuz lortu nuen gustuko errezeta. Jatetxea irekita Armendariz eta Cebanc eskoletan izan naiz ikasten. Baina ez naiz proba asko egin zalea, hori bai, nahi izaten dut ateratzen duguna goxo prestatzea.

Katxiñari parrilak eman dio ospea eta izaera. Bakailaoaren arrakasta ihesi joan zen, agidanez.

Bezeroa aldatzen hasi zen, arrain aukera gehiago eskatzen. Geroztik, kanpoko jendeak bisigua nahi du eta asko ateratzen dira erreboiloa eta lenguadoa edo mihi-arraina. Gaur egun bakailaoa jaten da, beste modu batzuetara ordea: tortilan, frijitua, tomatearekin… pil-pilean lehen bezala ez. Inork eskatzen badu adineko pertsona izango da. Gazteak ez du ohiturik. Etxean ez dutelako ikusi, oraingo bitrozeramikan ez baitago kazuela hara eta hona ibiltzerik. Ez da galdu den errezeta bakarra: sagarrak ardotan egiten ikasi nion izeba mojari, oso ona, baina edadekoak bakarrik eskatzen zuten eta egiteari utzi genion.

63 urte dituzu. Zerk eman dizu lanean jarraitzeko indarra?

Txikitatik izan dugu bizimodu gogorra, baina zoriontsu ginen. Semeak esan izan dit, ama noiz deskantsatu behar duzu? Familian egiten dugu lana eta bizi egiten dut. Orain bodegan ere ari gara. Gogorra da ateak ireki eta zein etorriko zain egotea. Baina satisfazio handikoa da, eskertua, bezeroek errepikatu egiten dutela ikustean duzunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!