Baliza elkarte anitza bezain irekia aurkeztu dute jendaurrean

Karkara 2016ko aza. 24a, 15:26

Azaroaren 23an aurkeztu zuten jendaurrean erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketa bideratu duen Baliza elkartea. Herriko eragile eta norbanako askoren babesa jaso zuten.

Atxikimendua eskatu eta Salatxo aretoan ezin kabitu egon ziren. Antolatzaileak pozik, ilusioz gainezka; baita bertaratutako eragile eta norbanakoak ere.

Atzo iluntzean hasi zen egostean datorren udaberrian, 2017an, egingo den herri galdeketa. Arratsaldeko 19:00etan izan zen burujabetzaren inguruko galdeketa sustatuko duen Baliza elkartearen jendaurreko aurkezpena. Orain arte itzalpeko lana iten egon direnak ez ezik, babesa eman zuten herritarrak ere azaldu ziren prentsaren aurrera. Babes handia jaso zuten.

Etorkizuna herritarren esku

Hitza Nagore Rementeriak eta Ibon Gaztañazpik hartu zuten eta argi esan zuten: etorkizuna erabakitzeko herri galdeketaren olatura igotzeko garaia iritsi da. Jarraian, elkartearen helburuak zeintzuk diren azaldu zuten eta helburu horiek lortzeko elkarteak eman beharreko urratsak zeintzuk diren ere azaldu zuten: gaurtik aurrera erabakia aldarrikatzetik, herritarrei hitza ematera pasatu nahi dugu. Horren zergatia ere azaldu zuten: erabakitzeak egiten gaitu herr. Erabakitzeak elkarrizketari begira jartzen gaitu; eta erabakitzeak, elkar onartzea eta errespetatzea ekartzen du. Elkarrekin erabaki behar dugu zer izan nahi dugun, hobeto bizitzeko.

Eta erabakitzeko data zehatza ez dakiten arren, badakite 2017ko udaberrian izango dela. Eskualdeko beste bost herrirekin batera egingo dute galdeketa, Azkoitiarekin, Getariarekin, Zarautzekin, Zestoarekin eta Zumaiarekin batera, alegia.

Elkartea sortu dute galdeketa antolatzeko

Sei herritan egun berean egingo den arren galdeketa, herri bakoitzean elkarte bat sortu da, herri horretako galdeketaz arduratzeko. Orion Baliza elkartea sortu da eta horixe aurkeztu zuten atzo, azaroaren 23an. Elkarte anitza eta irekia da, herritar guztiei zabalik dagoena. Bakoitzaren pentsaera eta sentsibilitatea errespetatuz, herritarrok bat egin dugu galdeketa aurrera eramateko, azaldu zuten.

Elkartearen izena herritarrei hitza emanez erabaki zuten. KARKARAko webguneko inkesta baten bidez hainbat aukeren artean bat hautatzea eskatu zuten, baita beste izen berriren bat proposatzea ere. Proposamenen artean bozka gehien jaso zituena Baliza izan zen. Ondorioz, izen hori hartu du elkarteak.

Aian ere ari dira urratsak ematen

 

Datorren urteko udaberria mugarri izango da arestian aipatutako sei herrientzat. Aian ere ari dira erabakitzeko eskubidearen gainean lanean, galdeketa antolatu nahian. Lanean dabiltzan arren, oraindik ez dute datarik zehaztu. 

Orioko hurrengo urratsak, sinadura bilketa

Atzokoan argi gelditu zen oriotarren artean erabakitzeko gogoa dagoela. Ilusioa piztuta dagoela, bizi-bizi. Baina, hala ere, elkartearen erronketako bat erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera eta ilusioa are gehiago zabaltzea da. Horrez gain, sinadura bilketa ere jarriko dute martxan. Ekimena babesten dutenei sinatzeko eskatu diete. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!