Herritik barrena 10 kilometro korrika

Karkara 2016ko abe. 13a, 07:56

Orioko Herri Lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak seigarrenez. Larunbatean izango da, hilaren 17an, arratsaldeko 15:45ean.

Iritsi da urteroko zita. Orioko Herri Ikastolak beste behin Orioko Herri Lasterketa antolatu du. Haurrek nahiz helduek hartu dezakete parte. Txikienek –2005-2010 urte bitartean jaiotako haurrek– emango diote hasiera lasterketari. Izena hasi aurretik eman beharko dute, 15:00etatik 15:45tara, krosa ordu horretan hasiko baita. Doakoa da izena ematea.

Helduen txanda 16:30ean izango da. 10 kilometroko ibilbidea egin beharko dute eta, antolakuntzak esan duenez, kilometro horiek guztiak lauak izango dira. Irteera eta helmuga Ikastolaren inguruan izango dira.  Ibai ondoan hasiko dute korrika saioa eta Ikastola aurreko plaza ondoan bukatuko dute.

Iaz bezala, bi ibilbide osatu beharko dituzte korrikalariek. Bata 7 kilometrotakoa, Orioko hondartza eta Ortzaika auzoa lotuko dituena, eta bestea 3 kilometrokoa, ibai ondoko pasealekuan barrena Ikastolatik Orioko hondartzara joan-etorria.

Parte hartu nahi duenak kirolprobak.com webgunean eman beharko du izena abenduaren 16a baino lehen. Txip horia dutenek 12 euro ordaindu beharko dituzte; ez dutenek, 13 euro.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!