Maiatzaren 7an egingo dute herri galdeketa Orion eta Urola Kostako beste 7 herritan

Karkara 2016ko abe. 14a, 09:55

Argazkia: Gure Esku Dago

Atzo, abenduaren 13an, eskualdeko aurkezpena egin zuen Gure Esku Dagok. Galdera bera egingo dute zortzi herritan: nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?

Atzo, abenduaren 13an, Urola Kostako aurkezpena egin zuen Gure Esku Dagok Zarauzko modelo aretoan. Ekitaldian azaldu zutenez, 2017ko maiatzaren 7an egingo dute herri galdeketa Orion eta eskualdeko beste 7 herritan: Zarautzen, Azkoitian, Zumaian, Zestoan, Getarian, Aizarnazabalen eta Errezilen. Galdera bera egingo dute zortzi herritan, eta honakoa izango da: nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?

Ekitaldian herri bakoitzeko hainbat aurpegi ezagunek hartu zuten parte. Oriotik Xabier Lizaso, Mikel Orbañanos, Oihana Blanco, Idoia Etxeberria eta Ibon Gaztañazpi izan ziren. Nagore Rementeriak eta Xabier Euzkitzek aurkeztu zuten ekitaldia.

Sinadura bilketa ostiraletik aurrera

Galdeketarako lehenbiziko urratsa herri bakoitzean sinadura bilketak egitea izango da. Eskualdeko hainbat herritan hasi dira dagoeneko eta Orion datorren ostiralean, abenduaren 16an, hasiko dira. 19:00etan hasiko da sinadura bilketa, bideo emanaldi batekin. Gero, trikitilariek girotuko dute bilketa. Datozen asteetan ere egingo dituzte sinadura bilketa gehiago, hauek dira datak:

  • Abenduak 16, ostirala: 19:00etan plazan
  • Abenduak 18, igandea: 12:00etan plazan
  • Abenduak 23, ostirala: Herribil aurretik kiroldegi kanpoan
  • Abenduak 24 eta 31: 12:00etan plazan