Kultura esnea bezain oinarrizkoa dela aldarrikatuz

Karkara 2017ko urt. 4a, 10:00

Herriko plazan aritu ziren kultura bonuei buruzko informazioa eskaintzen

Kultura herritar guztien eskura jartzeko Aldundiaren kanpaina pasa da Oriotik

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, kultura kontsumoa sustatzeko kanpaina Oriora iritsi zen atzo, urtarrilaren 3an. Herriko plazan egin zuen eguna El Kolmado furgonetak, kultura bonuei buruzko informazioa lau haizetara zabalduz.

Garrantziari erreparatuta, kultura oinarrizko elikagaien pareko aldarrikatzen du ekimen honek. Kultura edonorentzako eskuragarri jartzeko saiakera ere bada aldi berean. Horretarako, kultura bonuak eskaintzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Hiru bonu mota daude hain zuzen ere:

  • Euskarazko bonua: euskarazko liburuak (testu liburuak ikasteko liburuak eta liburu profesionalak salbu), DVDak eta diskoak erosteko balio du. 20 euroko prezioan beste 10 euro hartuko ditu erosleak opari.
  • Beste hizkuntzetako bonua: euskaraz ez den beste hizkuntza bateko testu liburuak, diskoak eta DVDak erosteko balio du, euskarazko bonuaren baldintza beretan.
  • Zuzenean bonua: zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak erosteko balio du. 15 euro ordaindu eta beste 10 euro opari.

Gurean, Orioko Ontza paperdendan eros daitezke kultura bonuak.