Atorrasagasti anaiek ordezkatuko dute Orio Gipuzkoako Mus Txapelketan

Karkara 2017ko urt. 23a, 09:35

Argazkia: Arkaitz Etxabe

Otsailaren 25ean Ibarran jokatuko dute gipuzkoarren arteko saioa

Euskal Herriko IX. Mus Txapelketa asteburu honetan jarri da martxan han eta hemengo kanporaketak jokatuz. Larunbatean, urtarrilaren 21ean, izan zen Oriokoa ere Kolon Txiki tabernan. Sei bikote bildu ziren elkarren kontra lehian aritzeko. Ustela ustelaren atzetik irabazita, Jose Ignazio Atorrasagastik eta Lauri Atorrasagastik osatutako bikotea gailendu zen azkenean. 

Otsailaren 25ean Ibarrako frontoian jokatuko da Gipuzkoako herrietako ordezkarien arteko kanporaketa. Han izango dira, hortaz, Atorrasagasti anaiak hordago eta enbido artean. Egun berean jokatuko dira gainerako sei herrialdetako finalak ere. 

Horietan txukunen ibiltzen direnek lortuko dute martxoaren 25ean Anoetan jokatuko den Euskal Herriko Mus Txapelketako final nazionalerako txartela.