KIVA eguna egingo dute bihar Orioko Herri Ikastolan

Karkara 2017ko urt. 23a, 10:18

Eskolako jazarpenari aurre egiteko programa abiatuko dute modu horretara

Bihar, urtarrilaren 24an, jarriko du martxan eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa Orioko Herri Ikastolak. Arrakasta handia izan du Finlandian sortutako programa honek Europako zenbait herrialdetan, eta Ikastolen ekimenez, Euskal Herrira ekarri dute bullyingari aurre egiteko.

Ikastolako esparru ezberdinetan aplikatuko dute KIVA eta programa abiatzear dela-eta, ikasleekin emango dute lehen pausoa. KIVA eguna antolatu dute horrenbestez.

KIVA eguna

Lehen Hezkuntzan zikloka landuko dute gaia ikasle eta irakasleek. Ikus-entzunezkoen bitartez leunduko dute gaia aurrena,  eta jarraian KIVA taldea aurkeztuko dute. Txapak banatuko dituzte ondoren eta azkenik KIVA programaren presentzia bisuala areagotzeko lanak egingo dituzte. 

Corto animado Bullying laburmetraia ikusiko dute 1. zikloko ikasleek; Loser a short film laburmetraia 2. ziklokoek; eta Zigortzaileak filma LH 5eta 6. mailakoek.

KIVA logoa margotu egingo dute bestalde Lehen Hezkuntzako txikienek; Gu KIVA ikastola gara pankarta mosaikoen bidez osatuko dute 2 ziklokoek eta KIVA-Bullyingari buruzko esaldiak idatziko dituzte zenbait karteletan 3. ziklokoek.

Egindako lanekin argazki saioak ere egingo dituzte, gainera.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan ere Bullyingari buruzko laburmetraia ikusiko dute aurrena ikasleek. KIVA taldea aurkeztuko zaie atzetik, eta harreman sozialak landuko dituzte gero. Whatsappeko perfilean KIVA logoa jartzeko gomendioa egingo diete alde batetik. Horrez gain, sare sozialetan KIVAri buruzko txioak idatzi eta zabaltzeko gonbita ere egingo diete.