Rakugo japoniarra eskaini dute gaur kultur etxean

Karkara 2017ko mar. 1a, 18:53
Maider Ibarguren rakugolari zestoarra Orioko saioan.

Azpeitian bizi den Hiromi Yoshida hizkuntzalari eta ikertzaileak euskarara itzuli ditu berari gehien gustatzen zaizkion istorio tradizionalak, eta rakugolari euskaldunek kontatu dituzte Orion.

Rakugo japoniarra ikusteko aukera izan da gaur Orioko Kultur Etxean. Hiromi Yoshida hizkuntzalari eta ikertzailearekin ikasitako hiru rakurgolari euskaldunek eskaini dute saioa, Korrika Kulturalaren barruan: Maider Ibargurenek, Arantzazu Maizek eta Axen Eskaladak.

Rakugoak ahozko tradiziozko japoniar istorioak dira, helduei zuzenduak. Orain dela 300-400 urte herritar xumeentzat antzerkia garestiegia zen, eta rakugolariak sortu ziren Japonian. Jendeak ondo pasatzeko istorioak kontatzen zituzten, azaldu dute aurkezpenean. Azpeitian bizi den Hiromi Yoshidak, euskarara itzuli ditu berari gehien gustatzen zaizkion istorio tradizionalak, eta rakugolari euskaldunek kimonoak jantzita eta japoniarren modura lurrean eserita, narrazioak kontatu eta hainbat pertsonaia antzeztu dituzte Orion.

Tradizioz rakugolariak gizonezkoak izaten ziren, baina pixkanaka emakumeak rakugoen munduan sartzen ari dira Japonian, eta baita Euskal Herrian ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!