Ruben Ruzafak eta Aitziber Ibarbiak irabazi zuten Orioko Mendi Lasterketa

Igor Lazkanotegi eta Sonia Alonso izan ziren lehen oriotarrak

Goizean zerua oskarbi zegoen arren, eguraldiak ez zien lagundu pasa den igandean, martxoaren 12an, Orioko Mendi Lasterketako parte-hartzaileei. Hotzak eta euriak, ordea, ez zituen beldurtu lasterketa hasi zuten 324 lasterkariak. 312 izan ziren Ikastolak antolatutako lasterketa amaitu zutenak.

Ruben Ruzafa aizarnazabaldarra izan zen helmuga lehenengo gurutzatu zuen lasterkaria; 1:49:29an amaitu zuen lasterketa. Gizonezkoetan Markel Urigoitia izan zen bigarren eta Jon Ugalde hirugarren, 1:50:00 eta 1:51:24ko denborekin, hurrenez hurren.

Emakumezkoetan, Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan zen garaile, 2:15:28ko denborarekin. Bigarren Marta Antoñanak egin zuen –2:17:00– eta hirugarren Raffaella Ciavolla izan zen –2:26:31–.

Lehen oriotarrak Igor Lazkanotegi eta Sonia Alonso izan ziren. 2:05:41ean amaitu zuen lasterketa Lazkanotegik eta 2:40:11n Alonsok. Hodei Alkorta izan zen lehen aiarra; 1:57:32ko denbora egin zuen.

Mendi lasterketaren zazpigarren edizioa antolatu du aurten Orioko Herri Ikastolak eta boluntario mordoak pare hartu du antolakuntzan. Ikastolak beren lana eskertu nahi die igandean lanean egon ziren guztiei.
 

Sailkapen osoa hemen ikus daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!