Maiatzaren 7ko herri galdeketa prestatzeko bilerara deitu du Baliza elkarteak

Karkara 2017ko mar. 14a, 12:34

Martxoaren 16an izango da bilera, 19:00etan, Kultur Etxean eta galdeketari buruzko azalpen guztiak emango dituzte bertan.

Gure Esku Dago herri ekimenaren baitan maiatzaren 7an egingo den herri galdeketa prestatzeko bilera antolatu du Baliza elkarteak. Herri galdeketari buruzko azalpenak emango dituzte bertan: bozka nola eman, mahaiak non kokatuko diren, non eta nola eman daitekeen bozka aurreratua... Hau da egingo duten galdera: nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?

2016ko azaroan hasi zuen ibilbidea Baliza elkarteak, Salatxo Aretoan egin zuen prentsaurreko jendetsuan. Geroztik, herri galdeketarako bidea eraiki du elkarteak: sinadura bllketa, zozketak, futbol partida eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Hurrengo zita martxoaren 16an izango da, ostegunarekin. 19:00etatik aurrera bilera irekia egingo dute Kultur Etxeko areto nagusian, herri galdeketa prestatzeko.

Horrez gain, martxoaren 18an, herriko musikari eta dantzarien laguntzaz maiatzeko galdeketan parte hartzeko gonbita luzatuko diete herritarrei jai giroan. Emaitza dena delakoa izanik ere erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izatea eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da aurrean dugun erronka –diote antolatzaileek–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!