Orioko Udalbatzak aho batez onartu du Gure Esku Dago taldeak aurkeztutako mozioa

Karkara 2017ko mar. 30a, 18:30

Astearteko udalbatzarrean Jexux Mari Arriaranek Orioko Gure Esku Dago elkartearen izenean mozioa aurkeztu zuen, Orion 2017ko maiatzaren 7an herri galdeketa egiteari buruz eta erabakitzeko eskubidearen gainean. Udal taldeek aho batez onartu zuten mozioa. Adierazpenak hitzez hitz horrela dio:

Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamika oinarrizko hiru printzipioetan antolatuta dago: Lehenengo,  herri bat gara; Bigarrenik, erabakitzeko eskubidea dugu; eta hirugarrena, herritarron garaia da.

Euskal Herri mailako ekitaldiak antolatu izan ditu: 2014an Durango eta Iruñea arteko giza katea, eta 2015ean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta Baionan hautestontzi erraldoiak eraiki herriz herri bildutako oihal zatiak josiz.

2016an gertutasunera jauzi bat eman zuen, eta herrietan galdeketak antolatzeko lanari heldu zion. Burujabetzaren inguruan herritarren iritzia ematea ahalbidetuko duen galdeketa antolatzeko Baliza - Gizartearen Parte Hartzea Sustatzeko Elkartea sortu da Orion.

Galdeketa 2017ko maiatzaren 7an egingo da Urola Kosta eskualdeko Zarautz, Azkoitia, Zumaia, Orio, Zestoa, Getaria, Aizarnazabal eta Errezil herrietan. Galdera honi erantzungo zaio: "Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritar?". Herri galdeketan ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da helburua eta horretarako 16 urtetik gorakoak daude deituta.

Zarautzen 2016ko abenduaren 16an eskualdeko aurkezpenean adierazi zen bezala: "Erabakitzeak egiten gaitu libre/ Gaur egungo estatus politikoak ez ditu gure beharrak asetzen / Kezka ugari ditugu, baina inork ez digu haien inguruan galdetzen. Euskal Herrian, gehienok eskatzen dugu aldaketa / Pertsona adina proposamen daude baina bada gauza bat guztiok elkartzen gaituena: aldaketarako nahia / Herri gisa aldaketa hori eskatzeko eskubidea daukagu, aldaketa hori nolakoa izango den erabakitzekoa eta oraintxe da horretarako momentua".

Orioko Udala osatzen duten lau talde politikoekin elkartu gara herrian galdeketa egiteko emango diren ekitaldiak eta jardunaldiak azaltzeko asmoz. Mozio honekin udalbatzarrari zera eskatu nahi zaio: ekitaldi eta jardun horiek bultza ditzala eta babes dezala 2017ko maiatzaren 7ko herri galdeketa

Orion, 2017ko urtarrilaren 27a

Orioko Gure Esku Dago

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!