Herritarrak erabakitze eskubidearen alde

Karkara 2017ko mai. 4a, 10:29

Maiatzaren 7an egingo da Orion Gure Esku Dagoren herri galdeketa. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? galderari erantzungo diote herritarrek.

2013. urtean hasi zen Gure Esku Dago mugimendua, Irungo Ficoban eginiko aurkezpen xume batekin. Euskal Herria herri bat dela esan genuen, eta erabakitzeko eskubidea euskal herritarrei dagokiela. Urtebete beranduago, 2014ko ekainaren 8an, 150.000 lagunetik gora ziren erabakitze eskubidearen alde agertu zirenak, Durangotik Iruñera egin zuten giza katean.

Mosaiko erraldoia Zurriolako hondartzan, hautetsontziak Euskal Herriko bost hiriburuetan...Behin indarrak hartuta, saretze bidea hartu zuen Gure Esku Dago mugimenduak eta nazio mailatik herri mailara pasa zen.

Baliza elkartea, sinadurak eta herri galdeketa

Herri galdeketen lehen olatuarekin batera sendotu zen Orion Gure Esku Dago taldea, gerora Baliza elkartea izango zena. 2016ko azaroaren 23an aurkeztu zuten jendaurrean erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketa bideratu duen elkartea. Herriko eragile eta norbanako askoren babesa jaso zuten Salatxo aretoan eginiko ekitaldi jendetsuan.

2016ko abenduaren 16an Urola Kostako Gure Esku Dagok eskualdeko aurkezpena egin zuen Zarautzen. Egun hartan, Baliza Elkarteak sinadura bilketa hasi zuen herri galdeketa martxan jartzeko. 615 sinadura bildu zituzten guztira.

Maiatzaren  gerturatzen ari den bezala, herriko eragile eta norbanakoen atxikimenduak biltzen joan da elkartea. Azkenik, hilaren 7an, herri galdeketarekin jarriko diote puntua urteetako ibilbideari. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan? izango da botopaperetan irakurriko den galdera.

Nola bozkatu

Bozka aurreratua

Maiatzaren 7an 16 urte beteta dituen eta Orion erroldatuta dagoen edozeinek eman dezake bozka galdeketan. Bi aukera daude horretarako: aurretiko botoa eta galdeketa egunekoa.

Apirilaren 28tik maiatzaren 5era eman daiteke aurretiko botoa, Baliza elkartearen lokalean –Aritzaga kalea, 1–. Hau izango da egun horietako ordutegia:

Horrez gain, hilaren 5ean, ostiralean, Anibarko Portura joango dira Baliza elkartekoak eta bozka aurreratua han ere eman ahal izango da. 19:30etik aurrera egongo dira auzoan. Etxetik mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonek ere bozkatzeko aukera izango dute, 688 605 746 telefono zenbakira deituta edo lokalean hitzordua hartuta. Jarraipen batzordeko hiru kide joango zaizkio etxera botoaren bila.

Ikastetxeetan ere bozka aurreratua emateko aukera izango da. Maiatzaren 4an, ostegunean, Ikastolan eman ahal izango da bozka aurreratua, 16:30etik 17:30era. Maiatzaren 5ean, ostiralean, Zaraguetaren txanda izango da. 16:00etatik 17:00etara egongo dira Baliza elkartekoak han.

Maiatzaren 7an

Galdeketaren egunean, maiatzaren 7an, bi postu egongo dira herrian egun osoan zehar: guneetako bat herriko plazan egongo da eta bestea Ikastola aurreko plazan. Botoa eman nahi duenak 9:00etatik 20:00etara egin dezake leku horietako batean. Herritarrak berak aukeratu dezake zein gunetan bozkatu nahi duen.

Botoa ematerako garaian, Orion erroldatuta dagoela ziurtatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du herritarrak. Gehienek NANarekin nahikoa izango dute, baina Nortasun Agiria eskura ez dutenek edo bertan beste herri bateko helbidea dutenek 2017ko errolda agiria ere aurkeztu beharko dute. Hainbat aukera daude:

  • Pasaportea eta errolda agiria
  • Gidabaimena eta errolda agiria
  • EHNA eta errolda agiria
  • Bizileku txartela edo Nortasun Agiria
  • Jatorrizko estatuak emandako nortasun txartela edo pasaportea eta errolda agiria
  • Nortasun Agiri Nazionala, errolda agiria eta osakidetzako txartela –atzerritarren kasuan–.

Bozka eguna festa giroan

Esan bezala, bozka emateko bi gune egongo dira Orion: plazan eta Ikastola aurreko plazan. Gune bakoitzean bi mahi egongo dira hautetsontziekin eta, horietan, boluntarioak egongo dira botoak jasotzen. Kanpoko zenbait begirale ere etorriko dira galdeketa ikuskatzera. Jarraipen batzordearekin batera, bozketak eta kontaketa modu egokian egiten direla ziurtatzea izango da beren lana.

Herri galdeketako eguna festa eguna izatea nahi dute Baliza elkartekoek. Horretarako, egitarau zabala antolatu dute. Agurrarekin irekiko dituzte guneak eta ttuntturroak, txaranga, umeen jolasak, zuzeneko musika eta askoz gehiago izango dira egunean zehar.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!