Oriotarren proposamenak jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Karkara 2017ko mai. 17a, 15:58
Imanol Lasa diputatua eta Orioko alkate Joxe Angel Zaldua. (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Karpara joateko aukerarik izan ez zuten herritarrek beren proposamenak aurkeztu ditzakete ekainaren 30a bitartean, etxez etxe banatu duten esku-orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiak karpa jarri zuen atzo Herriko Plazan, oriotarren eskaerak entzuteko. Helburua herritarren lehentasunak eta proposamenak jaso, aztertu eta 2018ko aurrekontuan txertatzea da; horretarako Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazio diputatu Imanol Lasa eta Orioko alkate Joxe Angel Zaldua karpan izan ziren herritarren iradokizunak eta eskaerak jasotzen. Herritarren beharrei pultsua hartu, eta haien iradokizunak pertsonalki jaso nahi ditugu. Aldundiaren lana zabaldu nahi dugu xehetasun guztiekin, eta datuen bitartez azaldu nahi dugu nolako garrantzia duen aldundiak Gipuzkoaren egunerokoan. Pozik gaude orain arte izan dugun erantzunarekin- azaldu zuen Lasak.

Karpara joateko aukerarik izan ez zuten herritarrek beren proposamenak aurkeztu ditzakete ekainaren 30a bitartean, etxez etxe banatu duten esku-orria bete eta udaletxeko erregistroan entregatuta. Bestela, gipuzkoa.eus/partaidetza webgunean, aurrekontu irekien atalean ere egin daitezke proposamenak.

Bestalde, atzo arratsaldean Lasak hitzordua izan zuen Orioko Herri Ikastolako guraso elkarteko kideekin, langileekin eta Zigor Saizar zuzendariarekin. Solasaldian parte hartu zutenek hainbat proposamen luzatu zizkioten diputatuari: etorkizuna eraikiz egitasmoaren barruan hezkuntza txertatzea, ikastolako proiektu berritzaile eta esperimentalei babesa ematea, Kiva programari adibidez; Kooperatiba izateagatik bazkideentzako onura fiskalak edukitzea; eta hezkuntza eta lanaren arteko lotura areagotzea, gazteak lan mundura hobeto bideratzeko. Horrez gain, hezkuntzaz harago beste hainbat gai ere jorratu zituzten: MUGI txartelaren hobekuntza, errepideetako ordainsariak, langabetu helduen egoera edo unibertsitate gunean indartu beharra. Lasak eskerrak eman zizkien ikastolako kideei eta oso emankortzat jo zuen topaketa.

Erantzuna
Herritarrek egiten dituzten proposamen guztiek erantzuna izango dute memoria batean. Bertan zeintzuk onartzen diren arrazoituko dute, baita zeintzuk onartzen ez diren eta horretarako zergatia.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!