3x3 eta tenis futbol txapelketak antolatu ditu Zaraguetak San Pedro jaietarako

Karkara 2017ko mai. 18a, 13:35

3x3 txapelketa LH1etik DBH4ko ikasleentzat izango da eta futbol tenis txapelketa 16 urtetik gorakoentzat. Maiatzaren 31 baino lehenago eman behar da izena.

Futbol txiki eta futbol-tenis txapelketak antolatu ditu Zaragueta eskolak datozen San Pedro jaietarako. Ekainaren 30ean, ostiralean, egingo dira txapelketak Mendibeltz zelaian eta izen-ematea ireki dute dagoeneko.

Futbol txiki edo 3x3 txapelketan LH1etik DBH4rako gazteek parte hartu dezakete, 4 pertsonako taldetan. Zelaian 3 jokalari egongo dira talde bakoitzetik, atezainik gabe eta nahi adina aldaketa egin ditzakete. 10 minutuko partidak jokatuko dituzte 20x15 metroko zelaian. Hamar zelai egongo dira markatuta eta bi multzotan banatuko dira taldeak. Multzo bakoitzeko talde guztiek lau partida jokatuko dituzte, eta multzoko lehen bi sailkatuek jokatuko dituzte final-erdiak eta finala. Ikusi 3x3 futbol txapelketako araudia.

Futbol-tenis txapelketan 16 urtetik gorako edonork eman dezake izena. 3 pertsonako taldetan jokatuko dira partidak eta, tenisean bezala, zelaia bi zatitan banatuta egongo da eta batetik bestera bota beharko dute pilota parte-hartzaileek. Eskuekin izan ezik, gorputzeko atal guztiekin ukitu daiteke baloia. Lau multzo osatuko dituzte, eta bakoitzeko talde guztiek lau partida jokatuko dituzte. Multzoko lehen bi sailkatuek haien artean jokatuko dituzte final laurdenak, erdiak eta finala. Ikusi futbol-tenis txapelketako araudia.

Izen-emate epea maiatzaren 31ra arte egongo da irekita. Parte hartu nahi duenak Karelan, Zaraguetan eta Mendibeltzen eman dezake izena. Hauek dira izen-emate prezioak: 3x3 txapelketan 4€ jokalariko eta futbol-tenis txapelketan 5€ jokalariko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!