Undak eta Irribarriak jasoko dute Mirotza Saria, Orioko Garagardo Azokan

Karkara 2017ko mai. 31a, 15:31
Orioko alkate Joxe Angel Zaldua eta Orio Arraunketa Elkarteko idazkari IƱaki Arostegi, Garagardo Azokaren aurkezpenean.

Ostiraletik igandera zabalik izango da Orioko V. Garagardo Azoka.

Gaur eguerdian aurkeztu dute Orioko V. Garagardo Azoka. Orio Arraunketa Elkarteak antolatzen duen garagardoaren festa ohitura bihurtura da herrian, eta ostiraletik igandera oriotarrek eta bisitariek asteburu polita pasatzea espero dute arraun elkarteko kideek. “Denak ongi-etorriak izango zarete Orioko Garagardo Azokara”.

Ostiral arratsaldean izango da Garagardo Azokaren irekiera ekitaldia, eta aurten Orio Arraunketa Elkartearen Mirotza Saria Maider Unda borrokalariak eta Iker Irribarria pilotariak jasoko dute. Arraun elkarteko idazkari Iñaki Arostegik adierazi duenez, bi kirolariek bizi duten momentuak “kirol ibilbidearen hasiera eta amaiera” adierazten du. “Maider Undak bere kirol ibilbideari amaiera eman dio errendimendu maila onean zegoenean. Ondoan etorkizun handiko kirolaria izango du, Iker Irribarria. Igandean ez zuen txapela irabazterik izan, baina seguru gaude gipuzkoarrok asko gozatuko dugula berarekin”.

Garagardo Azoka
Orioko V. Garagardo Azoka ostiralean eta larunbatean 01:00ak arte izango da irekita, eta igandean lehenago itxiko badute ere, afariak emango dituztela nabarmendu dute antolatzaileek. Zazpi garagardo eskainiko dituzte azokan: Paulaner, Fosters, Amstel Oro, Radler, Guiness, Affligem eta Desperaos. Jateko ukondo eta saltxitxa erreak prestatuko dituzte, eta elkartetik gogoratu dute plazan prestatutako janaria etxera eramateko aukera izango dutela herritarrek.

Garagardo eta otordu eskaintzaz gain, ekitaldi sorta ere antolatu du Orio Arraunketa Elkarteak astebururako, erromeriak eta kirol ekitaldi mordoa antolatu baitituzte. besteak beste, iaz Mirotza Saria jaso zuen Idoia Etxeberria harri-jasotzaileak 100 kiloko harri kubikoarekin marka saiakera egingo du igandea arratsaldean.

“Eskerrak arraun elkarteari”
Orioko alkate Joxe Angel Zalduak Orio Arraunketa Elkarteak Garagardo Azoka antolatzeko egiten dun ahalegina aitortu nahi izan du aurkezpenean. “Eskerrak eman nahi dizkiot Orio Arraunketa Elkarteari herrian mota horretako festa antolatzeagatik. Udalak garagardo azoka antolatzeko baliabideak eskaintzen ditu, baina arraun elkartea arduratzen da edariaz eta janariaz, eta elkarteko boluntarioen lanari esker da posible Orion Garagardo Azoka egitea”, adierazi du Zalduak.

Era berean, Orio Arraunketa Elkarteak Garagardo Azoka laguntzen duten enpresak eskertu ditu. "Eskerrik asko Zipri Edariak enpresari, Garagardo Azoka antolatzeko ematen digun ezinbesteko laguntzagatik, baita Murgil enpresari ere. Horrez gain, Babyauto gure babesle nagusiak ematen digun laguntza ere nabarmendu nahi dugu”.

GARAGARDO AZOKAKO EGITARAUA

Ostirala, ekainaren 2a
19:00. Mirotza Sariak emango ditu Orio Arraunketa Elkarteak.
Gero. Erromeria Bide Batez taldearekin.
21:30. Erromeria Bide Batez taldearekin.

Larunbata, ekainak 3a
13:15. Beteranoen estropada.
20:45. Champions futbol txapelketako finala pantaila handian emango dute.
Ondoren. Erromeria Fan&Go taldearekin.

Igandea, ekainak 4a
12:00. Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketa.
19:30. Idoia Etxeberriak errekor saiaketa egingo du, 100 kiloko harri kubikoarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!