“Harrigarria da garunak hezkuntza ezberdinak koordinatzeko duen gaitasuna”

Iñigo Gaiton 2017ko eka. 6a, 15:19

Jon Andoni bilbotarra da, eta bospasei urte daramatza Orion bizitzen. Donostiako Basque Center on Cognition, Brain and Language –BCBL– zentroan egiten du lan, garuna eta hizkuntzen arteko harremanak aztertzen.

Jon Andoni Duñabeitia
Psikologian Doktorea eta neurozientzialaria

Mila zereginekin bizi da Jon Andoni Duñabeitia –Bilbo, 1981– neurozientziari bizkaitarra. Miramongo BCBL zentroan alfabetizazio eleanitza ikertzen duen taldearen ardura du, hitzaldi dezente ematen ditu, eta eskoletan ere jarduten da zientziaren bidez garatutako ikasketa metodoak txertatzen.

Nolatan, bada, Orion?

Bilbotik egunero joaten nintzen Miramonera, eta autobideko zubitik Orio ikusten nuen. Hondartza aldeak atentzioa pizten zidan, eta nire golkorako nion bizitzeko leku ederra behar du horrek... Pisu bat alokatzeko aukera suertatu zitzaidan, eta hementxe nago, oso gustura.

Nola iritsi zinen neurozientziara?

Magisteritza ikasi ondoren, psikopedagogian lizentziatu nintzen. Gero, neurolinguistika eta psiko hizkuntzalaritzan ikertzeko aukera eskaini zidan Valentziako unibertsitateak. Bertan lanpostu iraunkorra izateko Doktore titulua eskatzen zuten, eta hori Tenerifeko La Laguna unibertsitatean egin nuen.

Psikologian Doktore titulua atera ostean, Eusko Jaurlaritzak BCBL zentroa zabaldu zuen Donostian, eta bertan neurozientziari gisa lan egiteko aukera suertatu zitzaidan. Dagoeneko bederatzi urte daramatzat bertan.

Zer duzu ikergai nagusi?

Garunak hizkuntza bat baino gehiagorekin lan egiteko duen gaitasuna aztertzea.

Donostiako BCBL zentroak ba al du sonarik nazioartean?

Bai, punta puntakoa da. Ehun lagun inguruk egiten dugu lan bertan, eta taldekide asko atzerritarrak dira.

Zein departamentu da zurea?

Alfabetizazio eleanitza lantzen duen saila. Hamar langileko talde baten ardura dut.

Umetan helduaroan baino errazago ikasten omen dira hizkuntzak. Zer dio zientziak horretaz?

Bai, baina haurra jaio eta 10-15 hilabete bete arteko tartean bakarrik. Gero, adin bakoitzari dagokion metodoa egokituz gero, berdin dio 4, 15, 30 edo 50 urte izan, gaitasuna antzekoa da.

Hara…

15 hilabete bete bitartean, haurrek garuneko leihoak zabalik izaten dituzte entzundako fonemak –letren soinuak– modu naturalean barneratzeko. Hortik aurrera, leihoa itxi egiten da.

Txikitatik Orion hazitako herritar gehienak elebidunak dira. Bi hizkuntza jakiteak komunikatzeko dituen abantailez gain, garunaren garapenari ere laguntzen dio?

Elebidunen abantailaren inguruan mito asko daude. Zientziak ez du argitu oraindik elebidun eta elebakarren garunak desberdinak diren edo ez.

Zahartzaroan hitz egiten uzten hasteak Alzheimerrarekin edo beste neuroendekapenezko gaixotasunekin lotura zuzena duen aztertzen ari zarete.

Elebiduna izateak Alzheimerraren lehen lauzpabost urtetan sintomak ekiditen laguntzen zuenaren ustea zabaldu zen, baina zientziak oraingoz ezin izan du hori frogatu.

Dibulgazioan ere jarduten zara.

Bai, hitzaldi asko ematen ditut BCBL zentroan egiten duguna zabaldu eta herritarrei zientzian inbertitzeak duen garrantzia azaltzeko.

Zein arrazoi izan ditzake herrialde batek krisi garaian zientzian inbertitzeko?

Gizakiok ondo funtzionatzen duen garuna daukagu, baina tarteka apurtu egiten da, ezta? Ba konpondu ahal izateko, nola funtzionatzen duen ulertu behar da lehenik, ikertu, eta hori ez da posible inbertsiorik gabe. Osasunarekin zerikusia duen adibide horretaz gain, gehiago ere badira.

Azken urtetako iraultza digitalak eragin du aldaketarik garunean?

Bai, aldi berean arreta gauza askotan izateko gaitasuna garatu dugu, eta garuna horretara egokitu da. Bestalde, gure aurreko jenerazioek baino hitz gutxiago dakizkigu, hizkuntza kalitate eskasagoa dugu.

Zein helburu dituzu etorkizunari begira?

Zientziaren bidez garatutako metodoak bizitza errealean txertatzea. Oraintxe, Aiako Lardizabal eskolan ari gara lanean, ikasleei hitz egiten, irakurtzen eta idazten irakasteko modu eraginkorragoak bilatu nahian.

Azken urtetako iraultza digitalak eragin du aldaketarik garunean?

Bai, aldi berean arreta gauza askotan izateko gaitasuna garatu dugu, eta garuna horretara egokitu da. Bestalde, gure aurreko jenerazioek baino hitz gutxiago dakizkigu, hizkuntza kalitate eskasagoa dugu.

Zein aurkikuntza zientifikorekin amesten duzu?

Hizkuntza berri bat ikasteko metodo pertsonalizatu eta eraginkorrena topatzearekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!