Hondartza denboraldiari hasiera eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, Antilla hondartzan

Karkara 2017ko eka. 8a, 13:31
Orioko Antilla hondartzan egin dute, hondartza denboraldiko irekiera ekitaldia. (Aiora LarraƱaga/Hitza)

Hondartzak garbitzeko makineria berria erosi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak.

Gaur Ozeanoen Nazioarteko Eguna da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko hondartza denboraldia ireki du, Orioko Antilla hondartzan. Agerraldian parte hartu dute Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok. Azken horrek aurtengo udan Gipuzkoako hondartzetan izango diren hobekuntzak azaldu ditu.

Ingurumen diputatuak jakinarazi du garbiketa zerbitzuan hobekuntzak izango direla aurtengo udan. Gipuzkoako Foru Aldundiak hondartzen garbiketa maiztasuna handituko du, eta zerbitzua indartu.  Horretarako, hondartzak garbitzeko makinaria berria erosi dute, ibilgailu elektrikoak eta hibridoak eskuratu dituzte, ohiko ibilgailuek baino gutxiago kutsatu dezaten. Gainera, hondakinak bereizteko sistema hobetuko dute.

Horrez gain, Gipuzkoako hondartza guztietan Gure hondartzak zaindu ditzagun sentsibilizazio kanpainak egingo dute udan zehar.

Kostasystem

Kostasystem bideo-monitorizazio sistema ere martxan jarriko dute aurtengo udan. Bi lan ildo izango ditu sistema berriak, hondartzen erabilerari eta egoerari buruzko informazioa eskainiko baitu.

Alde batetik, erabiltzaile kopuruari buruzko informazio zehatza eskainiko du Kostasystemek. Horri esker, eskarira egokitutako baliabideen banaketa egokia egin ahal izango dutela uste du Ingurumen diputatuak

Bestetik, sorosleentzat lagungarri izan dadin arrisku guneak aurreikusiko ditu sistemak; aurten proiektu pilotu moduan Zarauzko hondartzan martxa jarriko dute.  Zarauzko hondartzan AZTIk kudeatzen duen kamera bat dutela azaldu du diputatuak, eta horri esker aldez aurretik olatuen, itsas korronteen eta itsasaldien inguruko informazioa jasoko dute sorosleek. Asensio diputatuak adierazi du, horrek "arrisku guneak identifikatzeko eta bainu seguruagoa bermatzeko aukera" emango diela sorosleei. Ekimena hurrengo urtetan gainontzeko hondartzetara zabaltzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!