Orioko silla-dantza Anibarko Portuko festetan

Karkara 2017ko eka. 12a, 12:43

San Martin auzoko baserritarrek dantzatzen zuten Orioko silla-dantza, eta Sarobe baserriko Antonio Peñak jotzen omen zuen dultzainarekin berezko musika. Asteburuan ospatu dituzten Anibarko Portuko festetan dantza zaharra berreskuratu dute.

1983. urtean Juan Mari Beltran, Karlos Garaialde eta Pedro Mari Santos Euskal Herriko festen inguruko elkarrizketak egiten aritu ziren, Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailak bultzaturiko ikerketa baterako. Orion, Sarobe baserriko Jose Peña Gozategi elkarrizketatu zuten, eta hark eman zien Orioko Silla dantzari buruzko informazioa.

Dantzaren jatorrizko musika bere aita Antoniok jotzen zuen baserrian, dultzainarekin. Inguruko baserrietan, txistu, akordeoi edo aho soinuarekin jota egiten omen zen silla-dantza, eta instrumenturik ez bazen, partaideen kantu eta txaloekin.

Silla-dantzak bi zati ditu: dantza eta jokoa. Lehen zatian, partaideek dantza egiten dute aulkiak beti ezkerraldean utziz, aurreraka oinez, besoak goran dituztela. Hirunaka ematen dituzte pausuak, eskuinera eta ezkerrera. Doinua hainbat aldiz errepikatu ondoren, bigarren zatia hasten da, jokoarena.

Zati honetan, nolabait, irabazleak eta galtzaileak izaten dira: nahastu eta galdu egiten direnak, mantsoenak eta azkarrenak, edo korrika horretan harrapatzen dituztenak.

Larunbatean, nahikoa barre eta algara egin zituzten Anibarko Portuan, aspaldiko dantza berreskuratzeko aitzakian.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!