Ekainak 28: Sexu askapenerako nazioarteko eguna

Eider Goiburu 2017ko eka. 28a, 15:24

Datorren astean ekainaren 28a da, San Pedro bezpera Orion eta, askok jakingo ez duten arren, Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguna.

Baina gaurkoan ez dut LGTBQI+ pertsonen eskubideak bermatzen dituzten legeen urraketaz hitz egin nahi, gure jendarteko arauak sistema heteropatriarkal eta kapitalista bermatzeko eginak baitaude. Beraz, urraketaren sustraia sisteman bertan dago eta ez legeak betetzen ez dituzten pertsona konkretuengan –pertsona hauei beren erantzukizuna kendu nahi ez badiet ere–.
Sexu askatasuna ez da legeen aldetik etorriko, jendartearen aldetik baizik, norberaren sexualitatearen inguruko hausnarketatik, heteroarautik at dauden desioen onarpen eta gozamenetik, praktika sexual anitzen esperimentaziotik, gorputz guztien edertasunaren bisibilizaziotik, etabar luze bat.

Aurreko San Pedrotan –aurten ere egingo dugun antzera– LGTB sexu fantasia lehiaketa egin genuen txosnan Xaltxera Talde Feministak, ekainaren 28a zela eta. Jende askok hartu zuen parte, eta fantasia, desio, etabar. anitz eta ugari adierazi ziren. Hauetako pare bat fantasia ekarri nahi ditut gogora:

Odolezko itsasoa egingo dinagu biok nire ohean.

Zuek eta ni orioko hondartzako ur iskinean, olatuek talka egiten duten une horretan, bero-bero. Hiru gorputzak bat direlarik, igurtzi, laztan… ezer ez digu axola. Gora behera, aurrera-atzera. Plazerra sentituz, olatuek gora beherekin bat eginda mugarik gabe plazer oihu eta garrasien doinuari eutsi ezinik. Mugagabeko plazerean bustirik.

Bi fantasia hauek, gauez eta parranda giroan beraien desioak adierazteko askatasuna sentitu zutenen adierazpen txiki bat besterik ez dira. Eskuratu dezagun ausardia hau, sortu dezagun askatasun giro hau eta gozatu dezagun aniztasunak ematen dizkigun gozamen aukerez, hau baita benetazko sexu askapenerako bide bakarra. Lema feministak dioen bezala pertsonala politikoa delako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!