Palmaresean da berriz 1939ko Donostiako Bandera

Karkara 2017ko eka. 29a, 11:34

Atzo balioztatu zuen ofizialki Donostiako Udalak 1939ko estropada,  berriz palmaresean sartuz. Honekin, hogeita hamaika dira Orioko Arraun Elkarteak dituen Kontxako Banderak.

Herritarrek osaturiko komisio bat gogor aritu da lanean azken hilabeteetan, Donostiako Udalak palmaresetik ateratako 1939ko Donostiako Bandera Oriora bueltan ekartzeko. Hauen hitzetan, prozesua ez da erraza izan, eta hasieran uste zena baino gehiago luzatu da.

Duela hilabete batzuk, bandera baliogabetu ostean, Donostiako Udalak iritzia eskatu zion Aranzadi Zientzia Elkarteari 1939ko apirilaren 11an ospatu ziren estropadei buruz, bertako garaileak Kontxako estropaden irabazle zerrendan sartu behar ziren edo ez baloratzeko.

Hainbat kontsulten ostean, Aranzadiren erantzuna baiezkoa izan da. Hau erabakitzeko garai hartako agiriak arakatu dituzte, hainbat bibliografia espezializaturekin batera (Rafael Agirre eta Gorka Reizabal autoreenak, kasu). Xabier Alberdik egindako ikerketa berria ere kontsultatu dute, eta beren hitzetan, historialariak landutako txostena “mugarri zientifikoa izango da.” Komisiotik ere Alberdiren lana “izugarria” izan dela azpimarratu dute.

Aranzadiren iritzia jakinda, atzo aitortu zuen Donostiako Udalak ofizialki 1939ko Donostiako Banderak palmaresean egon behar duela.

Prozesu guztiaren xehetasunak azaltzeko, herritarren komisioak agerraldi ofiziala egingo du uztailaren 6an, ostegunarekin, Orioko kultur etxean. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!