Bisiguaren Festa aurkeztu dute Donostian

Karkara 2017ko uzt. 4a, 17:08

Uztailaren 13tik 16ra bitartean egingo da jaialdi gastronomikoaren hamargarren edizioa.

Gaur goizean Bisigua Orio Estilora ekimena aurkeztu du Orioko Udalak Donostiako Real Club Náutico de San Sebastian elkartean. Agerraldian Jose Angel Zaldua Orioko alkateak, Lourdes Salsamendi Turismo eta Kultura Zinegotziak, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Joxe Miel Zendoia parrilleroak hartu dute hitza.

Adierazi dutenez,  Bisiguaren Festaren helburua herriko arrantzaleak omentzea eta egiten duten lana aitortzea da, Orioko gastronomia eta herria ezagutzera emateaz gain.

Udalak herriko eragile ezberdinekin antolatzen du festa, hala nola: herriko tabernariak, merkatariak, Harribil dantza taldea, Egunseti Otxotea, Arrantzaleen Kofradia, Zaharren Babes Lekua eta abar. "Udaletik, herri guztiak festa gertu sentitzea nahi dugu", azpimarratu du alkateak.

Aurtengo parrilleroak, azken urteetako berak izango dira: Joxe Miel Zendoia (Katxiña Jatetxea), Luis Mari Uranga (Xixario jatetxea) eta Mikel Manterola (Joxe Mari erretegia). Hauek jende gehiago izango dute inguruan, bost egunetan erreko diren 500 bisiguez gain gainontzeko jakiak prestatzen ere laguntzeko.

Aurreko edizioan hasitako ekimenarekin jarraituz, aurten ere Bisiguaren Laguna oroigarriak banatuko dira uztailaren 13ko inaugurazio ekitaldian. Mari Cruz Lopetegi Esan eta Eugenia Errazkin omenduko dira, garai batean Esnal ostatuak egindako funtzio sozial eskuzabalagatik. Koteto Ezkurra erremontistak ere jasoko du oroigarria.

Bisiguaren Festarako txartelak salgai daude dagoeneko Orioko Turismo Bulegoan, eta 55 euroko prezioan eskura daitezke. Hau da eskainiko den menua:

- Urdaiazpiko iberikoa, baratxuri-olio eta tomatearekin

- Entsalada: tomate, hegaluze eta antxoak ozpinetan

- Legatz kokotxak saltsa berdean

- Bisigua parrilan Orio Estilora

- Postrea

*Edaria, ogia eta kafea barne

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!