Natalia Wiereszen: “Etiopian ez dute lesioak zaintzeko tratamendu egokirik”

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko uzt. 19a, 15:47
Natalia Wiereszen fisioterapeuta.

Orioko Sinergia zentroko arduradun Natalia Wiereszen fisioterapeuta Etiopian izan da bertako atletei laguntzen. Herrialde afrikarrean bizitako esperientzia izan du hizpide argentinarrak.

NATALIA WIERESZEN – Fisioterapeuta


Nolatan sortu zitzaizun Etiopiara joateko ideia?
Aspalditik nuen bidaia solidario bat egiteko gogoa. 2016 urte bukaeran, fisioterapeuta den lagun batek Etiopiara joateko asmoa zuela aipatu zidan. Jakin bazekien mota horretako bidaia bat egiteko irrika nuela, eta berarekin joatera animatu ninduen. Runners for Ethiopia erakunderekin joan gara, eta fisioterapeutek eta korrikalariek parte hartu dugu ekimenean.


Zer egin duzue Etiopian?
Bidaiaren helburua Etiopiako atletak artatzea eta bertako errendimendu handiko zentroetara kirol materiala eramatea izan da; atletentzat kirol oinetakoak, elastikoak eta euritakoak eraman ditugu, eta zentroetara fisioterapia materiala. Eraman dugun materiala hemen erabiltzen dugu, baina egun guk eskura teknologia aurreratuagoak ditugu. Etiopian fisioterapia arloan gabezia asko dute, eta material hori oso aurreratua da beraiek dituzten tresnak kontuan hartuta.
Horrez gain, bidaian hemengo korrikalariak ere izan dira, eta Awasako maratoian parte hartu zuten bertako kirolariekin batera. Kirol proba hori garrantzitsua da etiopiarrentzat, mendebaldeko kirol taldeen ordezkariak joaten baitira bertara atletarik onenak aukeratzera. Bertako korrikalari guztien helburua kiroletik bizitzea izan ohi da, eta etiopiarrak gogor prestatzen dira maratoi horretarako.


Zuk bertako korrikalariak tratatu al dituzu?
Bai, guk Awasan izan genuen egoitza, eta bi lan ildo jorratu genituen bertan. Alde batetik, hainbat fisioterapeutek bertako atletak artatu genituen. Bestetik, beste fisioterapeuta batzuk Etiopiako fisioterapeutei formazioa eskaini zieten. Izan ere, hango fisioterapeutek ez dute gradu ondoko formazioa egiteko baliabiderik, eta oso garrantzitsua da prestaketa hori haientzat.
Ni tratamenduen sailean egon nintzen, eta bertan nazioarte mailako atletak artatu genituen. Horietako askok lesioak dituzte aspalditik, baina goi mailan korrika jarraitzen dute.

Hutsune handiak sumatu al zenituen kirol arloan?
Herrialdeak dituen gabeziak ez dituzte herritarrek soilik jasaten, erakundeetan ere bistakoa da hutsunea. Errendimendu handiko zentro batean aipatu ziguten, egunean jateko duten janari kopuruaren arabera entrenatzen dutela kirolariek. Bi otordu egiteko adina badute, egunean bi aldiz entrenatzen dute, eta bestela behin.
Gure taldean kirol sendagile bat genuen, eta hark bihotzeko azterketak egin zizkien kirolariei; horietako askok inoiz ez zuten horrelako azterketarik egin.


Azterketak egitea ezinbestekoa al da kirolari batentzat?
Kirolari horiek errendimendu fisiko handia izaten dute, eta beren osasunerako oso garrantzitsua da azterketa medikuak egitea. Arazoa da ez dutela gorputzari zenbat eskatu diezaieketen esaten dien sendagilerik inguruan, eta horregatik, gehiegizko esfortzu baten ondorioz, min hartzen dute askotan. Era berean, ez dute lesio horiek errekuperatzeko fisioterapia tratamendu egokirik, eta min hartuta ere korrika jarraitzen dute. Kontuan hartu behar da beraiek korrika egitetik lortzen dutela jatekoa; korrika egitea aurrera egiteko modu bakarra dute, eta sakrifizio gaitasun handia daukate.

Dena dela, Etiopiako lasterkariak oso maila ona ematen dute distantzia luzeko nazioarteko probetan?
Egia da, oso onak dira distantzia ertain eta luzean korrika, eta teoria asko daude horren inguruan. Batzuek diote, herrialdea itsasoaren mailarekin alderatuz altu dagoelako izan daitekeela hori; beste batzuek, beren bizimoduak ere zeresana duela esan ohi dute; baita elikadurak eta beren genetikak eragina duela ere.


Esperientzia errepikatzeko asmorik ba al duzu?
Oso esperientzia aberasgarria izan da alderdi profesionalari eta pertsonalari dagokionean. Etiopian binaka artatu ditugu korrikalariak, eta talde mailan eztabaida oso interesgarriak izan ditugu profesionalon artean, asko ikasi dugu elkarrengandik. Horrez gain, pertsona bezala asko bete nau esperientziak; ahal dudana egin dut korrikalari horiei mina kentzeko, eta une oro oso eskertuta agertu dira. Ahal badut, datorren urtean ere bertan izan nahiko nuke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!