Tokikomek eta Eraikunek hitzarmena sinatu dute

TOKIKOM 2017ko uzt. 20a, 11:30

Akordioaren helburua irakurleen eta erabiltzaileen eskura euskarazko edukiak jartzea da, komunikazioa hobetzeko eta bi aldeen intereseko edukiak sortzeko.

Atzo, uztailak 19, Tokikomek hitzarmen garrantzitsua sinatu zuen Eraikune Euskadiko eraikuntzaren klusterrarekin. Akordio honen sinaduran Alberto Marín klusterreko presidenteak eta Jone Guenetxea Tokikomeko presidenteak parte hartu zuten.

Eraikuneren eta Tokikomen lankidetza akordioaren helburua irakurleen eta erabiltzaileen eskura euskarazko edukiak jartzea da, komunikazioa hobetzeko eta bi aldeen intereseko edukiak sortzeko.

Horrela, Tokikomek, Eraikuneren Media Partner moduan, informazioa, txostenak eta elkarrizketak sortuko ditu eraikuntzaren sektorearen inguruko albisteak sortzeko. Era berean, Eraikuneren inguruko ekintza eta jardunaldien berri emango du Gurean/Eraikuntza atalaren barruan.

Tokikomeko –euskarazko tokiko hedabideen sarea– presidentearen arabera, hitzarmen hau etorkizunean gauza daitezkeen beste akordio batzuen lehenengoa da. Horrela, Tokikomek beste sektore batzuetako eragileekin aliantzak sortu nahi ditu. Indarrak batu nahi ditugu gure helburuak lortzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko. Tokikomen eta Gureanen filosofia beste sektore batzuetako eragileekin sinergiak sortzea, eta irakurleen, profesionalen eta industriaren interesen arteko harremanean sakontzea da, zioen Guenetxeak.

Alberto Marín klusterreko presidenteak komunikazio bideak indartzeko duten interesa azaldu zuen. Eraikuntzaren sektoreak berrikuntzaren arloan duen gaitasuna eta EAEko BPGean sektore anitz eta zabal honek duen pisua ezagutzera emateko beharra azpimarratu zuen Marinek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!