"Hura bai martxa!"

IƱigo Gaiton 2017ko ira. 6a, 13:27

Orioko hondartza zaharrean, giro bikaina izaten zen uda garaian. Orduko txiringitoetako jabe eta langileekin bildu da KARKARA. 

Gogoan dut Julian Retegi jatetxe kanpoaldean, pilota eskuan zuela, semeari sakea nola egin erakusten... Zarauzko frontoian jokatu ostean, askotan etortzen zen gurera afaltzera. Besoetako ileak tentetzen zaizkie Jose Mari San Sebastian eta Maria Jesus Leundari halakoak gogoratzean. Beste behin, Donostiako Jazzaldian jotzekotan ziren atzerritarrak ere izan zituzten Alanbreronean. Orion ostatu hartuta zeuden, eta ez zuten entseguak egiteko lekurik. Jatetxean jotzen utzi zieten. Jende piloa gerturatu zen entzutera. Hura bai saltsa!.

Inguruko herrietako sukaldari ezagunak askotan izaten ziren Orioko hondartzan afaritan igandetan, beren negozioak itxi ostean. Lasarteko zaldi karreretako jockeyak ere sarri. 1974tik 1997ra bitartean, erruz egin zuten lan Alanbreronean. Beste taberna eta jatetxeetan ere bai. Denentzat zegoen lana, jende asko mugitzen zen garai hartako txiringitoetan, dio Jose Marik. Gauerdia ondo jota ere, jarduten ziren parrilan. Egoerak oso trabestua behar zuen, mokadua egitera etorritako bezeroak tripa bete gabe bidaltzeko.

 

 

Gaueroko kafe eta izozkiak

Udako iluntzetan, turistez gain herriko jende asko ere hondartzako txiringitoetara hurbiltzen zen afaldu, kafea hartu edo izozkia jatera. M. Jesusek hitz onak bakarrik ditu jatetxean lanean aritutako langile zein bezero oriotarrentzat. "Gaztetxo askok gustura heltzen zien liburuei irailean, uda gurean lanean pasa ostean", dio barrez Jose Marik, gauero negozioa ordubiak jota ixten zutela gogoratuz.

Boga Bogan ere makina aldiz kentzen zizkioten kartak eta tapetea mahai gainetik jendeari, ordu txikietako kanpaiak jo eta taberna itxi ezinda. Oporretan, ez zen etxeratzeko presarik izaten. Orain, ordea, bezeroek bestelako ohiturak dituzte. Hori uste du Jose Manuel Gozategik. Makina uda pasa zituen izerditan, familia osoarekin batera, Boga Boga jatetxean lanean. Txiringito batean edo bestean, erraza zen herriko lagunak topatzea, eta horrek jendea erakartzen zuen hondartza aldera. Kristoren giroa sortzen zen.

Diputazioan lan egiten zuen gizon bat askotan pasatzen zen Boga Bogatik jai egunetan. Josek, Jose Manuelen aitak, sarri galdetzen zion ea Antillako proiektu berriaz ezer bazekien. Hark ez zion erantzun argirik ematen. Agian zuena libratuko duk, hortxe zagok mugan.... Hondartzako gainontzeko negozioak bezala, 1997an itxi zuten jatetxea, beren borondatearen aurka.

Gozategitarren familiak lanerako zuen fundamentua ikusita, agintariek eraikitzera zihoazen hiru txiringito berrietako bat hartzera animatzen zituzten. Enkantean atera ziren. Ez dakit jendeak zer espero zuen. Guk argi ikusi genuen kontzesioa lortzeko zifrak altuegiak zirela. Zaila zen zenbaki horiekin negozioak errentagarri egitea.

Kazueletako tapak altxatzeraino

Bezeroak etxean bezala ibiltzen ziren Alanbreronean zein Boga Bogan. Jabeek harreman estua zuten beretako askorekin. Batzuekin estuegia ere bai!, nabarmendu du Josek ironiaz. Janari usainari segika, sukalderaino sartzen zirenak ere baziren, kazueletako tapak altxa eta barruan zer zegoen ikustera.

2013an, Gozategitarrek Orioko Kanpineko taberna berritua hartu zuten errentan. Honi ere Boga Boga jarri zioten izena. Jose Manuelen arabera, bi tabernen martxan gehien aldatu dena bezeroen profila da. Jendeak pazientzia gutxiago du gaur egun, eta zorrotzagoa ere bada da janari kontuetan. Lehen sota, caballo, rey izaten zen menua. Parrilan egiten zuten lan gehien, eta sukaldean, orain baino gutxiago. Sardina izaten zen nagusi. Txitxarroa, oilaskoa edo paella ere erruz zerbitzatzen zituzten, tarteka itsasaldiek dantzan jartzen zituzten mahaietan.

Jose Manuelen ustez, kanpineko turistek eta palazio inguruak betetzen zituzten domingeroek agian ez zuten diru gehiegi utziko herrian, baina benetako bizia ematen zioten Oriori. Antillako erreformarekin martxa hura ahituko zenaren errezeloa izanik, malkoak ere atera zitzaizkien Boga Boga zaharra bota zutenean. Tristea izan zen azken eguna. Dena hustu eta makinek nola eraisten zuten begira egon ginen.

 

 

Nortasuna eta giro propioa

Hondartza ingurua paradisua zen Martin Fowles eta Steve Briggs ingelesentzat, eraldatu aurretik. Urtero etortzen ziren kanpinera, Antilla zaharraren izaera basatia ez baitzuten inguruko beste herrietan topatzen. Nortasuna zuten hondartzak eta inguruko txiringitoek, Laura eta Elisabet Gonzalez de Txabarriren iritziz. Horrek erakartzen zuen Martin eta Steve bezala, txoko ezberdinetako jendea. Orioko hondartzak izaera eta giro propioa zeuzkan.

Marinela jatetxea bi urtez gobernatu ostean, bi ahizpen gurasoek Antillako Los Troncos txaleta erosi zuten 1983an, moldatu eta familiako negozio bihurtzeko. Guxabi izena jarri zioten tabernari. Gazteak ziren orduan bi ahizpak. Leonard Cohen edo The Policeren kantak jartzen zituzten iluntzero, taberna girotzeko. Udan gauero sortzen zen giroa terrazan. Oroitzapen bikainak dauzkagu. Elisabet Madrila joan zen unibertsitate ikasketak egitera. Bertan, jende askok ezagutzen zuen Orio. Getariaren aldean, adibidez, izen handia zuen 80ko hamarkadan.

Urte gutxian, porlan festa

Antilla inguruan zementu asko sartu zuten nahikoa epe laburrean: kanpoko barra, malekoia, txiringito berriak, etxeak, hotela,... Hondartzako giroa nabarmen epeltzearekin batera, balio handiko ondare ekologikoa zanpatu zuen porlanak. Elisabet, Laura eta gainontzeko anai-arrebak bazuten horren kontzientzia. Orduko agintarientzat, ordea, ingurumenaren aldeko argumentuek pisu gutxi zuten. Antillako erreformak eskatzen zuen arreta eta ardurarako, oso azkar hartu ziren erabakiak. Ordurako, zementuaren garapen eredu hori zaharkitu xamarra zegoela iruditzen zitzaigun guri, dio Elisabetek.

Proiektu berriak dena eraldatuko zuela jakitean, bi ahizpek argi ikusi zuten zetorrenak ezin zuela oso ona izan. Bukaera nahikoa traumatikoa izan zela gogoratzen dute. Madrilera ere joan ziren, obrei buruzko lehen eskuko informazioa biltzera. Jakin zutenaren arabera, proiektua gauzatzeko "Costas"-en eta udalaren lurrak bereizten dituen "Línea marítimo terrestre" delakoa atzeratu behar izan zuten. Horrela, "Costas"-en lurretan geratu ziren hondartzako txalet guztiak, Guxabi barne. Desjabetzea asko merketzea lortu zuten, dio Elisabetek.  Antillako obren atzean interesak egon zitezkeen galdetuta, kategoriko erantzuna eman du: Ura pasatzen den leku guztietan geratzen da umedadea.

 

 

Herriak babesturiko eraldaketa?

Kanpoko barra eta errioaren bestaldeko kofradia arrantzaren justifikazioarekin egin ziren, eta gaur sei bapore bakarrik ditugu Orion. Hondartzako uraren, eta batez ere hondarraren kalitateak, nabarmen egin dute okerrera azken 20 urtetan. Geomorfologian doktorea den Jose Miguel Edesok zuzendutako ikerketa baten arabera, Antilla hondartzako hondar alearen tamaina bikoiztu egin zen 1988 eta 2012 urteen artean, besteak beste, espigoi berriek eragindako korronte aldaketen ondorioz.

Hondartzako lehen lerroan eraiki ziren etxebizitzei dagokionez, 96tik 39 hutsak daude, erroldatutako inor gabe (Orioko Udalak 2017ko uztailaren 23an emandako datua). Hotelak 2006an zabaldu zituen ateak, azpian tratamenduak eskaintzeko 1250 metro karratuko talasoterapia zentroarekin. Urte gutxira, instalazioek itxura zargaldua zuten, kanpotik eta barrutik. Bezeroek Trip Advisor webgunean idatzitako iritziei erreparatuz gero, termino gutxiesgarri ugari topa daitezke: utzikeria, lotsagarria, eskasa,... Bertan ostatu hartu, eta aurretiazko abisurik gabe, SPA zerbitzua itxita topatu zuela kexatzen denik ere bada. Hotel Talasoterapia Baleak 2016ko azaroan itxi zituen ateak. Eraikina enkantera atera zen gero, eta beste jabe batzuek 2017ko ekainean zabaldu zuten berriz.

Txiringitoen gaira itzuliz, berriak eraiki zituztenetik, negozioak sarri aldatu dira eskuz. Azken urtetan, Galerna jatetxea da urtez urte jabe berekin iraun duen bakarra. Antilla eraberritzeko proiektua agintariek uste zutena baino okerrago atera dela iritzi dute Elisabete eta Laurak. Garbi dago, orduko apustuak kale egin du.  Hondartzako plana politikariek diseinatu eta gauzatu zuten, baina herriko jendeak ez zuen aurkako ahotsik altxatu. Ikusi egin behar herritarrei zer saldu zitzaien: itsas pasealekua, kirol portua, hotela, garapena, modernitatea... Elisabet eta Lauraren ustez, erreformak beharrezkoak ziren, baina egindako obrak gehiegikeria hutsa izan dira.

Esther Larrañagak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintza saileko buru izan zenak, Guxabiko ahizpen tankerako iritzia plazaratu zuen duela urte gutxi: Orioko hondartzako erreforma, egin behar ez denaren eredu garbia da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!