“Mailari eustea da denboraldi honetako erronka nagusia”

Karkara 2017ko urr. 11a, 10:46
Gogotsu hasi du denboraldi berria Orioko Alustiza Autobusak areto futboleko taldeak. Gipuzkoako Ligako lehen mailan jokatzen duen lehendabiziko aldia du, gainera.

Hasi du denboraldi berria Alustiza Autobusak Orioko areto futboleko taldeak. Taldea duela gutxi sortu bazuten ere, Gipuzkoako Ligako lehenengo mailan jokatzen ari da aurten estreinakoz. Bosgarren denboraldia dute aurtengoa. Lagun kuadrilla batetik sortu zen taldea osatzearen ideia, kirola egiteko gogoak bultzatuta. Batzuk lehenago ere areto futbolean arituak ziren, eta horiekin batera hasi ziren Ander Garcia jokalaria eta Mikel Narciso taldeko entrenatzailea. Gertukoa zuten areto futbola, eta aspalditik izan dute kirol horrekiko zaletasuna.

Kluba sortzeko lanetan jarri ziren ondoren, federazioaren laguntzarekin. Narcisok asko mugitu behar izan zutela azaldu du, kluba “hutsetik” sortu zuten eta. Dirua ere behar zuten, federazioko fitxak, elastikoak, medikuak, epaileak eta abar ordaintzeko. Herriko dendekin jarri ziren harremanetan ekarpen ekonomikoa egiteko eskatuz, eta laguntza horri esker jarri zen martxan taldea. Aurreneko urtetik Alustiza Autobusak enpresak ere apustu ekonomiko sendoa egin zuen, eta horregatik erabaki zuten taldeari izen hori jartzea. Jokalariak askotan ohartu ez arren, taldea mantentzeak atzetik lan asko dakarrela aitortu du Garciak.

Denbora gutxian igaro zen kirolaz gozatzeko lagun kuadrilla bat izatetik areto futboleko talde fin bat izatera. Taldekideen ezagunak eta herritik kanpokoak ere hasi dira jokatzen, eta taldea sortu zuten batzuk utzi dute jada. Bost jokalari eta entrenatzailea geratzen dira ordutik. Alabaina, ez dute kirolera mugatzen beraien hartu-emana: laguntasun estuak ere batzen dituela uste du Garciak.
Taldea osatu zutenean areto futbola zer zen ia ez zekitela dio entrenatzaileak, umorez. Esperientzia gutxi zuten kirolean. Lau partida soilik irabazi zituzten lehen urtean, eta azken-aurreko postuan geratu ziren. De­na den, denboraldian zehar ikasi egin zutela uste du Garciak: “Motza geratu zitzaigun lehenengo denboraldi hori, ikasi genuenerako amaitu egin baitzen. Gogoz geratu ginen”.

Jokalari batzuk taldea utzi zuten, eta bi zarauztar gehitu zitzaizkien. Lehen denboraldiko irakaspenekin ekin zioten bigarrenari, eta kalitatean salto bat eman zutela pentsatzen du Narcisok. Gipuzkoako hirugarren mailan jokatzen zuten orduan, eta lehenengo postuan geratu ziren; bigarren postuan zegoen taldeari zortzi puntu aterata. Play offetan galdu egin zuten, baina mailaz igotzeko aukera eman zieten federaziotik; lehenengo postuan geratu zirela eta.

Hirugarren urtean asko sufritu zutela aitortu du Garciak, lehen denboraldian bezalatsu. Hala ere, libratzea lortu zuten. Partida txarrak izan zituztela dio Narcisok, eta ez zutela lortu igoerako partidak jokatzea. Nolanahi ere, federazioak berriz eman zien mailaz igotzeko aukera; talde batzuk igotzeari uko egin ziotelako, hain zuzen ere.

Gipuzkoako Ligako lehenengo mailan beste maila bat dagoela dio Garciak: “Bi partida jokatu ditugu, Kopakoa eta Ligakoa, eta ikusi dugu urtea gogorra izango dela. Kostatu egingo zaigu”. Bost urte hauetan gertatutako guztia prozesu bat izan dela uste du: “Ikasten joan gara, esperientzia asko irabaziz, eta etorri diren taldekide berriek, freskotasuna ekartzeaz gain, ekarpen handia egin diote taldeari”.

Orion arraunak du arrakasta gehien, baina neguan kiroldegiko harmailak betetzen dituzte areto futboleko zaleek. Hasieran “lau katu” joaten ziren, baina urtetik urtera gero eta jende gehiago bertaratzen dela uste dute. Gustura daude herriak emandako babesarekin.

Hanka sartzerik gabe

Ligako estreinako partida izan zuten pasa den asteburuan, eta, laburbilduz, «hasiberri-saria» ordaindu zutela dio entrenatzaileak. “Saltoa nabaritu dugu. Aurrekoan, esaterako, lo atera ginen eta bosgarren minuturako bi gol sartu zizkiguten. Ezin dugu hanka sartzerik egin”.

Badakite denboraldia gogorra izango dela, baina lana gogotik egingo dutela adierazi dute: “Kategoria berria da, talde berrien kontra jokatuko dugu, eta anbizioz jokatu behar dugu”. Lehen mailan guztia berria da Alustiza Autobusak taldearentzat, baina maila horretan mantentzeaz gain, duten helburua partidetan gozatzea dela aitortu du Garciak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!