Baldintza badakite

Maialen Unanue Irureta / BERRIA 2017ko urr. 30a, 10:05
Argazkia: Andoni Canellada / ARGAZKI PRESS

Gozategi taldeak 25 urte bete ditu aurten: lagunez inguratuta ospatu dute urteurrena, zuzeneko disko eta dokumental batekin, eta kantu berriak sortzen ari dira.

Bi irizpide jarri zituzten mahai gainean. Nagusia, egiten zutenarekin gozatzea. «Iñigok [Goikoetxeak] hala esan zuen: 'Musikaz gozatzen dugulako elkartu gara, eta gozatzen dugun bitartean jarraituko dugu: gaizki pasatzen hasten garenean, utzi egingo dugu, eta ez du izan behar haserretzeko arrazoi bat'», gogoratu du Asier Gozategik. Bigarrena, eta ez horregatik garrantzi gutxiagokoa: zalantzarik txikiena piztean, taldekideen artean hitz egitea, eta ez airean uztea. Esan eta egin: 25 urtez aritu da Gozategi, eta ez dute uzteko asmorik, gozatzen jarraitzen dutelako. 1992. urtea zen: elkarrekin jotzeko gelditu, eta ordutik ez dira banandu Gozategi eta Goikoetxea.

Gozoa izan da azken urtea gozategitarrentzat. Berezia, 25 urte ez baitira alferrik pasatzen. Zenbaki borobila izanik, zuzeneko bereziak eskainiz ospatu dute, dozena bat lagun eurekin abestera gonbidatuta. Hiru kontzertu izan dira, zehazki, horrela egindakoak: uztailaren 6an Iruñean, abuztuaren 16an Donostian eta 23an Bilbon. Horrez gain, dokumental txiki bat ere egin dute, eta taldekideak ez ezik, oholtzan aritutako lagunak ere ageri dira Gozategiri buruz hizketan. Larunbatean (Urriak 28) emango dute ETB1en, Oholtza saioan, 21:55ean. Eta, horrez gain, CD-DVDa eskuratu ahal izango da BERRIArekin gaurtik aurrera.

Nor-nori-nork abestiak eman zien ospea, hasiera-hasieratik. Eusko Jaurlaritzarekin kritiko azaldu ziren kantu horretan, eta doinu dantzagarriak jarri zizkioten. «Oso ondo funtzionatu zuen: 2.000 ale saldu genituen, eta disko bat grabatzea eskaini zigun Elkarrek», azaldu du Gozategik. Kantu batzuk eginak zituztela eta, 1994an grabatu zuten maketa aritu zen bolo-bolo. Artikulua irakurtzen jarraitzeko, egin klik HEMEN.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!