Euskararen aldeko iraultza publikoa

IƱigo Gaiton 2017ko urr. 31a, 13:20

Ikasturte berezia da aurtengoa Orioko Zaragueta Herri Eskolan. Irailean berrogei urte bete dira, eskola ikasleak euskara hutsean hezten hasi zenetik. 70. hamarkadan hezkuntza publikoa euskalduntzeko borroka egin zutenekin bildu gara, iraultza haren nondik norakoak hobeto ezagutzeko.

Euskara sustatzeko, bi esparru izan behar dira kontuan: kalitatea eta kantitatea. Juantxo Arteaga ari da hizketan. 70eko hamarkadaren hasieran, hezkuntza munduan euskara txertatzeko setarekin zebilen talde bateko kide zen lasartearra. Lehenago ikastoletan aritua nintzen euskara sustatzeko proiektuetan, baina momentu batean motz geratzea zela iruditu zitzaidan. Hizkuntzaren zabalkundea behar bezala eman zedin, eskola publikoen esparruan ere lan egin behar zela ikusi genuen.

Arteaga eta bere kideak, tartean Ruiz Balerdi artista, bazter nahastaileak ziren. Garai haietan, eskola publikoak nahikoa leku aldrebesak ziren euskararen aldeko lanerako; batik bat, egoera politikoagatik eta kanpotik etorritako irakasleengatik. Orion topatu genuen Gipuzkoa guztiko jenderik onena. Miguel Nacenta, batez ere, zutabe oso garrantzitsua izan zen hezkuntza publikoa euskalduntzeko borrokan.

Nacenta Huescatik Oriora etorria zen, bikotea eta bi alabarekin. Arteagaren iritziz, Miguel eredua izan zen irakasle askorentzat. Aragoitik etorri berria izanda, eta euskaraz jakin ez arren, borroka asko egin zuen, tenple handiarekin. Askotan eman zuen aurpegia administrazioan.

Izaera iraultzailea

Miguel Nacenta eta Mari Paz Gimeno 1971ean etorri ziren Oriora bizitzera, urtegiengatik Huescan 42 ikastetxe itxi ostean. Normalean, hango irakasleak Katalunia aldera joaten ziren lanera. Momentu hartan Euskal Herrian gertatzen ari zen langile iraultza ezagutu nahi genuen gertutik. Burgosko prozesua ere garai horietan ari zen jazotzen. Herri bizi batean bizitzeko ilusioa geneukan, diote biek.

Miguel 1972an hasi zen Orion klaseak ematen. Urte hartan inauguratu zen orain Ikastola den eraikina ere. Eskolako zuzendaritzako kideek hiru helburu nagusiko proiektua egituratu zuten eraikuntza berrirako: ikastetxea modu asanblearioan kudeatzea, pedagogia berritzea eta eskolak euskaraz ematen hastea.

Euskararen aldeko jarrera nondik zetorkien galdetuta, Miguelek argi du erantzuna: Izaera iraultzailea genuen. Orion herriak hori nahi zuen, oriotarrek eskatzen zuten euskara eskolan. Herrigintzarako funtsezko tresna zela ohartu ginen berehala. Orduan irakasle batzuk ez zuten ulertzen Nacentaren grina. Garai hartan ñabardura asko zeuden, zaila da berezitasun denak orain azaltzea. Perspektiba, pentsamendu ezberdin eta sentimendu asko nahasten ziren. Hezkuntza, gainera, beti izan da gai sentsiblea. 70eko hamarkadan hezkuntza publikoa euskalduntzearekin batera ikasi zuten irakasle askok euskaraz. Niri asko kostatu zitzaidan, baina esperientzia ikaragarri ona izan zen. Aberasgarria benetan.

Zaragueta, eskola aitzindaria

Oriokoarekin batera, Hernani, Andoain, Lasarte eta Deba izan ziren eskola publikoetan euskara txertatu zuten lehen herriak. Bilbon ere izan ginen, Gobernuko delegatu batekin bilduta, Arteaga, Eduardo Chillida eta hirurok, Gipuzkoako beste eskolen ordezkari, azpimarratu du Miguelek.

1974an, eskola publikoetan euskara irakasteko baimena ematen zuen programa bat onartu zieten. Baimenarekin batera, baliabideak eta irakasleak ere jarri zizkieten eskura. 1976an onartu zen Decreto de Bilinguismo delakoa. Urte hartan sartu zen Zaraguetan irakasle Maite Garcia oriotarra, Ramiro argazkilariaren alaba, Nekane Sagastume amezketarrarekin batera. Ikasketak bukatu eta berehala suertatu zitzaion lanerako aukera. Ikasleei euskarazko klaseak emateko arduraz gain, irakasleak euskalduntzeko lana ere gure gain hartu genuen. Irakasle batzuek ez zuten argi ikusten euskara txertatzearena, beren lanpostuak arriskuan jartzen baitzituen horrek. Administrazioarekin ere egin behar izan zuten borroka gogotik. Gerora, Gipuzkoako herrietan hitzaldiak ematen jardun ziren, beren esperientzia kontatuz, euskara txertatzeko zailtasunak zituztenei laguntzen.

Hasieran, bigarren etapan sartu zuten euskara ikasgai gisa. Gero, 1977an sortu zen D eredua, haurra osotasunean euskaraz heztea ahalbidetzen zuena.

Guraso elkartearen indarra

Nacentaren hitzetan, gurasoen aldetik indar handia jaso zuten. Maria Luisa San Sebastian orduko guraso elkarteko kideak, gogoan du Donostiara umeekin batera egin zuten irteera bat. Delegazioko eskaileretan eserita egon ginen. Gauzak iraultzeko gogoa geneukan, bai. Zuzendaritzak eskura zituen gurasoak, behar zuten guztirako. Batik bat emakumeek osatzen genuen elkartea. Orduan asko etxekoandreak ginenez, denbora librea geneukan eskolako kontuetan parte hartzeko. Euskara txertatzeko gogo bizia izanik, gure inplikazioa handia izan zen.

Eskola pubiko euskalduna

Maiteri, gerora ere, min eman izan dio jende batek Zaraguetari eskola nazionala deitzeak. Markatuta egon da herrian. Batzuk termino zahar horretan trabatuta geratu ziren, eta asko ernegatzen ninduen horrek. Eskola nazionala? Eskola publiko euskalduna da Zaragueta 70eko hamarkadatik.

1977-1978 ikasturtean, euskara hutsean hezitako lehen belaunaldikoa da Agurtzane Aduriz oriotarra. Umetan ez ginen konturatzen guk klaseak euskaraz jaso ahal izateko irakasleak eta gurasoak egiten ari ziren lanaz. 2010ean Agurtzanek alaba matrikulatu zuen eskolan. Bazekien bertan hezkuntza euskalduna bermatua zuela. Ikastetxea lan ikaragarria ari da egiten, batik bat etorkinekin. Kalean ume pakistandarrak elkarri euskaraz egiten ikusten dituzu. Zaraguetaren lanaren fruitua da.

Jakes Goikoetxea oriotarra ere bertako gurasoa da. Umetan ikastolan ikasi zuen berak, eta aitortzen du garai batean bazituztela eskolaren izaerarekiko errezeloak. Bere iritziz, gaur egun, hori gainditu da. Herriko jendeak, beharbada, ezagutza eza izan du Zaraguetarekiko.

Herriko eskola publikoak geroz eta etorkin gehiago jasotzeak, euskararen osasuna urratu dezakeen galdetu diogu Jakesi. Eragina izan dezake, bai, baina ez dut uste giro euskalduna errotik baldintzatzen dutenik. Gure semea Zaraguetan matrikulatzean, bagenekien beste ikastetxe batzuetan baino etorkin gehiago izango zituela ikasgelan, baina hori ona dela uste dut. Hezkuntza prozesua jatorri ezberdineko jendearekin elkarbanatzea, umearen garapenerako esperientzia aberasgarria da. Txikitatik landutako bizikidetza horrek lagunduko dio etorkizunean kanpotik datozenekiko aurreiritziak gainditzen.

Euskararen presentzia nagusi

Eskolako eguneroko martxa barrutik ezagututa, Jakesek ikastetxeko giroa guztiz euskalduna dela baieztatzen du. Ama hizkuntza gaztelera duten gurasoak badaude, eta haiek erdaraz egiteko joera dute, normala den bezala; baina euskara da nagusi Zaraguetan. Hala ere, bere iritziz, gizartean joera handia dago hizkuntzaren karga eskolaren gain soilik uzteko. Ikasleek eskolatik kanpo jasotzen dutenak ere garrantzia izugarria du. Gizarteko eragile guztien ardura da euskara eskolako hizkuntza izateaz gain, bizitzakoa ere bihurtzen saiatzea. Hizkuntzak elementu transbertsala izan behar du.

Egindako lanari aitortza

Jabier Zabaleta Orioko Udaleko Euskara teknikaria da. Bere bi seme-alabek Zaraguetan ikasi zuten, eta ondo ezagutzen du ikastetxea. Eskolak lan izugarria egin zuen urte gutxian, eta bere izaera guztiz irauli zuen. 70eko hamarkadan Eskola nazionala zena, ikastetxe publiko euskalduna bihurtu zuten, borroka handia eginda. Garaiko egoera soziopolitikoa kontuan hartuz, eboluzioa ikaragarria izan zen.

Jabierren iritziz, Zaraguetak euskararen normalizazioaren alde egindako lanari garrantzi gutxi eman zaio Orioko imajinario kolektiboan. Iruditzen zait herrian ez dela baloratu behar beste eskolak urteetan egindako lana.

Gaur egun, Udala UEMArekin eta herriko bi ikastetxeekin ari da elkarlanean. Ikas materiala sortu dute, ikasleak euskararen arnasgune bateko kide izateak duen garrantziaz jabetu daitezen. Eskolak, euskararen erabilera bermatzeaz gain, euskal hiztun kontzienteak sortu behar ditu. Horretan ari gara. Bestalde, azken urteotan garrantzia handia eman diogu euskaldunen kopurua handitzeari; baina uste dut hizkuntzaren kalitatean ere jarri behar dugula arreta gero eta gehiago.

Urteurrena ospatzeko, programa oparoa

Zaraguetak programa zabala antolatu du ikasturte guztirako, eskolak euskaraz ematen hasi zirenetik 40 urte bete direla ospatzeko. Hilero egingo dute ekimenen bat. Oraindik programako xehetasun batzuk ixteko badaude ere, antolatzaileek aurreratu dituzte ekintza batzuen nondik norakoak: mahai-inguruak –euskara eta hezkuntza ardatz hartuta–, Txantxariak ikuskizuna, gosari tertulia, altxorraren bila ume jolasa Txurrumuskirekin, Herrio natur taldearekin irteera herrian zehar, bazkaria eta amaierako ekitaldia...

Ekitaldien antolakuntza batzordeak adierazi duenez, oriotar guztiak jardueretan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Ekimen guztiak irekiak dira, eta beso zabalik hartuko zaituztegu. Ikasturte berezia da aurtengoa guretzat, eta ilusio berezia egiten digu herritarrekin elkarbanatzeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!