Itsas ondarea ezagutzeko hitzaldi ibiltaria egingo dute igandean

Karkara 2017ko urr. 31a, 18:23
Mutiozabal ontziola bisitatuko dute igandean.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiaren historia itsasoari estu-estu lotua dago. Hori dela eta, eskualdeko udalak eta Urola Kostako Udal Elkartea hainbat proiektu lantzen ari dira itsas-ondarea berreskuratu eta ezagutzera emateko.

Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiaren historia itsasoari estu-estu lotua dago. Hori dela eta, eskualdeko udalak eta Urola Kostako Udal Elkartea hainbat proiektu lantzen ari dira itsas-ondarea berreskuratu eta ezagutzera emateko. Hor kokatzen dira azaroan Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaian egingo diren hitzaldi ibiltariak. Aurten laugarrenez egingo dira hitzaldi ibiltariak. Lehendabiziko aldiz 2014an egin ziren eta aurreko hiru urteetan arrakasta polita izan dute.

Azaroaren 5ean emango zaie hasiera hitzaldi ibiltariei (azaroko igandeetan izango dira eta doan dira). Lehendabizikoa, azaroaren 5ekoa, Orion izango da, eta hurrengo igandeetan Zumaian, Zarautzen, Getarian eta Aian. Goiz erdiko 5 hitzaldi ibiltari dira guztira, gaian adituak diren pertsonek gidatuta. Bidean, aditu horrek azalpen eta argibide ugari eskainiko ditu. Parte hartzeko ez da ezer ordaindu behar, baina aurrez izena eman behar da.

Hau da hitzaldien programa:

ORIO, AZAROAK 5, IGANDEA

Hitzaldia: Nolakoa zen Victoria naoa? XVI. mendeko euskal ontzigintza eta Orioko ontziolak.

Hizlaria: Lourdes Odriozola Oiarbide

Ordua: Goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Orioko udaletxe aurrean hasi eta Mutiozabal ontziolan bukatuko da. Orioko alde zaharrean eta Oria ibai bazterrean zehar burutuko den ibilbide honetan XVI. mendeko euskal ontzigintzari eta Orion jarduera honek izandako garrantzi historikoari buruzko argibideak eta elementuak ezagutuko ditugu.

ZUMAIA, AZAROAK 12, IGANDEA

Hitzaldia: Elkanoren bigarren bidaia eta Zumaiako itsas sendi handiak.

Hizlaria: Iosu Etxezarraga Ortuondo

Ordua: Goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Olazabal Idazkariaren jauregi aurrean hasi eta San Pedro parrokian amaituko da. Elkanoren bigarren espedizioaren inguruko gertakariak eta bertan parte hartutako zumaiarren historia ardatz bezala hartuz, garai hartan itsas jardueretan parte hartzen zuten Zumaiako hainbat sendiri buruzko argibideak ezagutuko ditugu.

ZARAUTZ, AZAROAK 19, IGANDEA

Hitzaldia: Elkanoren senitarteko zarauztarrak.

Hizlaria: Xabier Alberdi Lonbide

Ordua: Goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Zarauzko udaletxe aurrean hasi eta Frantziskotarren komentuan amaituko da. Maiz, Zarautzek iraganeko itsas jarduera handiekin zerikusi gutxi izan zuela uste den arren, Elkanotarrekin lotura izan zuten hainbat sendiren (Portu, Zarautz, Manzisidor...) historiari eta itsas jarduerei buruzko berriak ezagutuko ditugu.

GETARIA, AZAROAK 26, IGANDEA

Hitzaldia: Azter dezagun Getariako Elkanoren Monumentua.

Hizlaria: Ismael Manterola Ispizua

Ordua: Goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Getariako Udaletxe aurrean hasi eta Elkanoren Monumentua zehatz mehatz aztertuko dugu. 1924an inauguratutako monumentu hau Agustín Aguirre eta José de Azpiroz arkitektoek diseinatu zuten eta Victorio Macho eskultorearen lanak ditu. Monumentuaren eraikuntzaren nondik norakoak eta bere balio artistikoa ezagutuko ditugu.

AIA, ABENDUAK 3, IGANDEA

Hitzaldia: Elkanoren dokumentuak Laurgaingo Jauregian.

Hizlaria: Borja Aginagalde Olaizola

Ordua: Goizeko 11:00etan.

Ibilbidea: Laurgaingo jauregi aurrean hasi eta bukatuko da. Laurgaingo bailarako elementuak (jauregia, San Migel parrokia, serorategia...) ikusiko ditugu ibilaldi honetan zehar eta Laurgaingo jauregiko sendien berriak, itsas jarduerak eta Elkanorekin dituzten loturak ezagutuko ditugu.

INFORMAZIOA ETA ERRESERBAK

  • Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako turismo bulegoak
  • Aiako udaletxea

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!