Aho batez onartu zituzten astearteko udalbatzarreko puntu guztiak

Karkara 2017ko aza. 2a, 17:00

Ohiko udalbatzarra egin zuten asteartean, urriak 31, udaletxeko areto nagusian. Gai zerrendako puntu guztiak onartu zituzten aho batez.

Ohi bezala, urriaren 10eko aktaren zirriborroari behin betiko onarpena eman zioten lehenbizi.

Obrak, zerbitzuak, kirolak eta gazteria batzordeko buru kargua dedikazio partzialarekin betetzea onartu zuten bigarren puntuan. Beraz, urriaren 10eko udalbatzarrean Aitziber Camposek utzitako kargua Eugenio Cotadoren esku geratuko da hemendik aurrera. Lehengo astean egindako Ogasuna eta Pertsonaleko Batzordean diktaminatua izan zen gai hau. Dedikazioaren %25a eta %20ko ordainsaria izatea adostu zuten.

Udal aurrekontu propioaren 5/2017 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea, kreditu gehigarrien modalitatean. Gai hau ere lehengo asteko Ogasunako Batzordean diktaminatua izan zen, eta espediente honetan udaltzaingoaren, ekipamendu informatikoaren, euskararako diru-laguntzaren eta plan orokorraren galdeketaren aurrekontuak onartu zituzten, beste zenbait gaien artean. Guztira espediente kopurua 30.240 eurokoa izango da. Alegaziorik ezean, behin betiko onarpena emango diote espedienteari.

Udal aurrekontu propioaren 6/2017 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea ere onartu zuten. Musika eskolako gastuak, Arraunetxeko mantenua, merkataritzako ekintzak zein inbertsio, zirkulazio eta azpiegiturak finanatzatuko dituzte kreditu honen bitartez. Orotara, 90.555 eurokoa izango da kreditu aldakuntzako kopurua.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!