Indarkeriaren biktimak gogora ekarri dituzte

Karkara 2017ko aza. 10a, 19:46

Memoriaren egunaren harira, elkarretaratzea izan da gaur plazan, Bizikidetza taldeak deituta. EAJk, EH Bilduk eta Orain Plataformak sinatutako adierazpen hau irakurri dute:

Mila esker etortzeagatik. Gaur hemen, azaroak 10, Memoriaren Egunean, Orioko plazan elkartu gara udal ordezkariak eta herritarrak, indarkeriaren eta terrorismoaren biktimak gogoratzeko. Izandako biktima guztiak aintzat hartzen ditugu, gatazka honetan jazarpena bizi izan duten herritarrak direlako eta gertatu zenak ez zuelako inoiz gertatu behar. Biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta aitortza. Berek bizi izandako injustizia salatu nahi dugu eta, aldi berean, errepika ez dadin, gogoratu.

Kontziente gara herritarren bizikidetzan urtetan izandako biolentziak eta terrorismoak eragindako kaltea oso handia dela eta samin ugari eragin dituela. Herritarren artean urruntasuna, bazterkeria, ezinikusia, beldurra, isiltasuna eta bestelako sufrimenduak eragin ditu. Jakin badakigu zauri sakon asko dagoela oraindik orbaindu gabe eta, ziurrenik, denbora eta lanketa handia beharko duela guztiak ondu arte.

Orioko Udalak bere alea jarri nahi du bide horretan, jakinda ez dela erraza izango. Zentzu horretan, Udalak urteak daramatza indarkeriak eragindako ondorioen inguruan lan egiten. Pasa den legealdian jarri zen martxan gaur egun lanean jarraitzen duen lantaldea. Hastapenetan bagaude ere, gure konpromiso irmoa adierazi nahi dugu hasi berri den prozesu honetan batera aritzeko. Asko dago oraindik lantzeko. Inork ez du esan erraza izango zenik. Guk, ordea, argi dugu merezi duela horren aldeko apustua egitea eta horretan jarraitzeko asmoa agertzen dugu.

Baina bakarrik ezin dugu. Zentzu horretan, herriaren prestutasuna ezinbestekoa da prozesu hau aurrera eraman ahal izateko. Dagoeneko hainbat herrikidek lehenengo urratsak eman dituzte eta berak ere hizketarako eta elkar entzuteko esparruak jorratzen ari dira. Eta gaurkoan ere hainbat herritar hurbildu zarete zuen presentziarekin babesa ematera.

Aurrerantzean pausuak ematen jarraitu beharko dugu, bakoitzak bere esparrutik, eta guk, udal ordezkariok, lanean jarraitzeko asmoa agerian uzten dugu.

EAJ, EH Bildu eta Orain Plataformako alkate eta zinegotziak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!