Larunbatean izango da Orioko Herri Lasterketa

Karkara 2017ko abe. 12a, 12:25

Orioko Herri Ikastolak antolatuta, 10 kilometroko ibilbidea egingo dute lasterkariek. Abenduaren 15era arte eman daiteke izena.

Urtero bezala, Herri lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak. Abenduaren 16an izango da lasterketa, 16:30ean hasita, eta 10 kilometroko ibilbide laua egingo dute lasterkariek. Ibilbideak bi itzuli izango ditu: lehen itzuliak, luzeak, 7 kilometro izango ditu eta, Ikastolatik abiatuta, hondartzara eta Ortzaikara joango dira parte-hartzaileak. Bigarrena, laburra, 3 kilometrokoa izango da, Ikastolatik hondartzarainoko joan eta itzulia.

Abenduaren 15eko 22:00ak arte egongo da irekita izena emateko aukera; 12 euro ordaindu beharko dute txip horia dutenek eta 13 euro ez dutenek. Gehienez 400 lasterkarik hartu dezakete parte. Dutxa eta kontsigna zerbitzuak ere izango dira parte-hartzaileen eskura, Karela kiroldegian lehenengoa eta Ikastolan bertan bigarrena.

Haurrak ere korrika

Herri lasterketaren aurretik, larunbatean bertan, haurrentzako lasterketak ere izango dira, Ikastolatik abiatuta. 15:45etik aurrera izango dira lasterketak eta hiru egingo dira: 2006 eta 2007 urteetan jaiotakoek 1000 metro egingo dituzte, 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek 600 metro eta 2010 eta 2011n jaiotakoek 300 metro.

Haurren lasterketako izen-ematea doakoa izango da eta irteera puntuan egin beharko da 14:30etik 15:30era.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!