Kofradiaren eta Garate familiaren azalpenak, Dike planaren harira

Karkara 2017ko aza. 17a, 08:58

Dike plana aurkeztu ondoren, harridura erakutsi zuen EAJren udal taldeak. Garate familiak eta San Nikolas arrantzaleen kofradiak egoeraren inguruko argipenak eman dituzte.

Oposizioko hiru alderdiek Dike plana aurkeztu ondoren, EAJren udal taldeak harridura adierazi zuen, aurkezpenerako gonbidapenik jaso ez zutela adieraziz. Garate familiak eta San Nikolas arrantzaleen kofradiak EAJren udal taldeak esandakoa ez dutela ulertzen azaldu berri dute. Izan ere, beren hitzetan, urriaren 30ean bidali zieten udala osatzen duten alderdi guztiei planaren proposamena eta atxikimendua emateko orria. Gainera, hurrengo egunean, hirigintzako zinegotziak mezua jaso zuela baieztatu ziela argitu dute. Kofradia zaharraren eta Garate famililaren arabera, momentu horretan bertan eman zieten plana aurkezteko prentsaurrekoaren berri.

Arrantzaleen kofradiak eta ehuneko handi batean Dike eremuaren jabe den Garate familiak, ekipo tekniko batek osatutako proposamena udaletxean aurkeztu zutela argitu dute. Bestalde, Hirigintza Batzordean proposamena baloratua eta eztabaidatua izan dadin eskatu diote EAJri; ekarpenak jasotzeko eta adostasuna lortzeko borondatea erakutsiz.

Gainera, Hirigintza Batzordean Dikeko eremuari kofradia zaharrekoa gehitzea aho batez onartu zela azpimarratu dute. Beren ustez, proposamenak adostasunaren bidez zehaztutakoa  jasotzen du.

EAJk Dikeko planean arduragabekeriaz jokatzea egotzi zien aurreko astean. Arrantzaleen kofradiak 2004tik eta Garate familiak 2006tik lanean egon direla argitu nahi izan dute, Dikeko eremuan konponbideak aurkitu eta kofradia zaharra konpontzeko. Proposamena beraiek landutakoa dela azaldu dute, herritarren interesei ekarpen bat egin nahi izan dietela nabarmenduz; haien hitzetan, "proposamenari atxikimendua eman dieten alderdiak bezala".

Azkenik, "orain arte egin bezala", proposamena lantzen jarraitzeko borondatea erakutsi dute. Bilera irekiak antolatuko dituzte, interesa duen orok proposamenaren inguruko iritzia eman ahal izateko. Bilera horietan parte hartu nahi dutenek Kofradian eman beharko dute izena –Itsas Etxe eraikinean–.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!