Orioko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Karela kiroldegia birgaitzeko hitzarmena sinatu dute

Karkara 2017ko aza. 17a, 16:32

Gaur goizean Orion izan da Denis Itxaso, Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuko diputatua. Udaletxean hitzarmena sinatu du Jose Angel Zaldua alkatearekin batera, eta gero, Mutiozabal ontziola bisitatu dute, egindako eraberritze lanak bertatik bertara ikusteko.

Foru Aldundiak 51.160 euro jarriko ditu Karela kiroldegiaren birgaitze lanetarako. Diru horrekin, instalakuntzak hobetu nahi dira herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko. Kirol ekipamenduak bilmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 agintaldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduan Planaren esparruan sartzen da ekarpen ekonomiko hori. Instalazio berriak eraikitzearen ordez, eginda daudenak berritzearen aldeko apustua egin du Aldundiak.

Obrak gauzatzea Orioko Udalaren ardura izango da, eta amaituta egon beharko dute 2018ko abenduaren 31a baino lehen. Orioko Udalak eta Aldundiak lankidetzaren balorazio ona egin dute. Beren hitzetan, “garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa da baliabide publikoak modu eraginkorrean erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuz.”

Mutiozabal ontziolara bisita

Hitzarmena sinatu ostean, Mutiozabal ontziolan izan dira agintariak. Bertan, Itxasok gogora ekarri du Gipuzkoak itsasoarekin eta ontzigintzarekin izan duen lotura. “Itsasoa gure nortasuna da, eta Aldunditik ahalegin berezia ari gara egiten ondare hori bizirik mantentzeko. Mutiozabal ontziola euskal ontzigintzaren tradizioaren erakusle bikaina da, eta guri dagokigu memoria bizirik mantentzeko ondarea babestea”.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!