Orioko PSE-EE alderdiak Kofradiaren proposamena babesten duela adierazi du

Karkara 2017ko aza. 23a, 12:45

Atzo Karkara.eus-en argitaratu genuen albisteari moldaketak egin ostean, berriz ekarri dugu portadara.

Orioko PSE-EEren arabera, proposamena Hirigintza Batzordean landuko dute, Dike-ko plana osatu duten ordezkariekin eta Udaleko teknikariekin batera. Proiektua zabalik dago oraindik, eta batzorde horretan, sortu daitezken zalantza eta aldaketa posibleak jorratuko dituzte.

2017ko ekainaren 23an, Hirigintza Batzordean Kofradia Dikeko planean txertatzea onartu zen, alderdi guztien aldeko botoekin. Oriotarrei horren berri emateak garrantzia handia du sozialistentzat. Beren aburuz, erabaki horrek Kofradiaren arazoari soluzio errealak bilatzen hasteko bidea zabaltzen du. Kofradia egoera txarrean dago, eta behar bezala errekuperatzeko, lan handia egin beharko da Udaleko Hirigintza Batzordeetan; PSE-EErentzat, hori da herriko hirigintza gaiak modu ofizialean tratatzeko gunea.

Babestu berri duten proposamenarekin, Dike-ko ordezkariekin lanean hasi eta akordioak lortzeko helburua du Ana Priede zinegotziak: Orioko PSE-EE-tik herriarentzat onuragarri iruditzen zaizkigun proposamen eta proiektuak babestuko ditugu, eta horretarako ez dugu EAJren baimenik behar. Zorionez, boto gutxi batzuei esker, EAJ-k ez du gehiengo osoa legealdi honetan, eta erabakiak alderdi guztion artean hartzen ditugu; dirudienez, EAJri kosta egiten zaio hori ulertzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!