"Bertso txapelketaren arrakasta ez dugu modu isolatuan ulertzen"

Karkara 2017ko aza. 28a, 16:54

Bertsozale Elkarteko kide diren Jon Agirresarobe oriotarra eta Esti Esteibar zumaiarra elkarrizketatu ditu Urola Kostako HITZAk. Lanean izango dira biak aurten ere BECeko finalean, laugarren urtez.

2017ko Euskal Kazetaritza Saria jaso du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Zuen lanaren aitortza dela uste duzue?
Esti Esteibar:  Gizarteari ekarpen bat egiten dioten erakundeei edo banakakoei ematen zaien saria da. Ezustean harrapatu gaitu. Bingen Zupiria Kultura sailburuak eman zigun, bertsolaritza biziberritzen egindako lanagatik eta hedabideekin izan dugun harremanean asmatzeagatik. Lan isilaren aitortza handia da. 30 urteko ibilbidea izan du elkarteak, eta jende askok lan handia egin du. Pozik gaude. Lanpetuta gabiltza txapelketarekin, eta horrelakoek indarra ematen digute.

Jon Agirresarobe:  Guk elkarlanean sinisten dugu, eta hori oinarri hartuta egiten dugu lan. Bertsozale Elkartea hedabideei proposamenak egiten eta gauzak errazten saiatzen dela uste dut, bertsoaren edukia zabaldu dadin. Alde horretatik pozgarria da.

Txapelketari begira, zein lan egiten duzue?
J.A.: Ni txapelketaren koordinatzailea eta sustapen eragilea naiz elkartean. Sustapen saila bertsolarien plazaz eta horren zabalkundeaz arduratzen da. Txapelketaren ikuspegi orokorra ematen dut, dauden alor guztiak batera joan daitezen. Txapelketaren zenbakiak oso handiak dira, eta horri batasuna ematen saiatzen naiz: epaileen, gai-jartzaileen eta bertsolarien taldeak osatu, horiei jarraipena egin, horiekin egon… Bestalde, txapelketa garaian buruhauste asko ematen dizkigu antolaketa lan guztiak: herriak aukeratu, tratuak itxi, muntaia antolatu…

E.E.: Ni barne komunikazioaz eta kanpo komunikazioaz arduratzen naiz. Barne komunikazioa da txapelketako antolaketan dauden talde ezberdinen sareak ongi funtzionatu dezaten bermatzea. Horretarako tresna ezberdinak ditugu: batzordeak, barne orriak… Beste alorra, berriz, gizarteratzea da, hedabideen bitartez.

Noiz hasten da txapelketaren lanketa?
J.A.: Normalean urte eta erdi lehenago hasten gara. Talde antolatzaile bat izendatzen du elkarteak, eta hor egoten gara herrialde guztietako ordezkariak. Bertsolaritza zein momentutan dagoen hausnartzen dugu, eta horren arabera pentsatzen dugu txapelketak nolakoa izan behar duen. Erabaki garrantzitsuenak urtea amaitu baino lehenago hartzen saiatzen gara; kasu honetan, 2016an. Saioak ixten ditugu, lan talde ezberdinak martxan jarri, eta udaberrian parte hartzaileekin hasten gara hizketan. Txapelketa tresna bat da bertsogintza eta bertsozaletasuna Euskal Herrian barrena zabaltzen jarraitzeko. Lehia du oinarrian, baina onura batzuk ematen dizkigu.

E.E.: Hala ere, ez gara txapelketara bakarrik egoten. Proiektu asko ditu elkarteak, eta hau bat gehiago da. Intentsitate handiz ari gara orain txapelketarako lanean, baina gainontzeko proiektuak ere hor daude: hezkuntza arautuan ematen ari garen klaseak, bertso eskolen dinamizazioak, ikerketak…

Elkarrizketa osoa irakurtzeko, jo Urola Kostako HITZAren webgunera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!